Lau partidaz osatutako jaialdia antolatu dute Soroaren finaletan

Ataria 2018ko mar. 2a, 07:59

Eneko Labaka eta Elizegi izango dira eskualdeko ordezkariak larunbatean, Beotibarren; Maider Mendizabalek errebantxako partida jokatuko du.

Bi final eta bi norgehiagoka handi. Guztira, lau partida. Larunbatean pilota jaialdi osoa antolatu dute Tolosako Beotibarren, 16:30etik aurrera. VI. Ogi Berri Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketa amaituko da, eta Beotibar bete egin nahi dute.

Jaialdiko lehen partida emakumeen artekoa izango da. Eskuz, buruz buru, Maider Mendizabal anoetarra eta Leire Etxaniz bizkaitarra neurtuko dira. Emakume Master Cup-eko finalaren errebantxa izango da. Orduan Etxaniz nagusitu zen. Larunbatean, Mendizabalek arantza kendu nahiko du. 18ra izango da partida.
Ondoren, Jon Alberdi eta Elolak jokatuko dute lau t’erdian, 18ra. Bi pilotari gazteren arteko erakustaldia izango da. Ondoren jokatuko da txapelketako lehen finala, etorkizuneko pilotarien artekoa. Mata-Ibarlozak lortu zuten lehen txartela, baina biak ez dira egongo finalean. Ibarloza eskuetako minez dago, eta Cuairan nafarrak hartuko du bere lekua. Agirreamalloa-Elizegi izango dituzte aurka. Elizegi asteasuarra Gartziaren lekuan sartu zen txapelketan, eta bere jokoan jauzi ikusgarria emanez finalera iritsi da.

Lehen finalaren ondoren omenaldiaren tartea etorriko da. Soroaren oroimenezkoaren antolatzaileek hiru tolosar omenduko dituzte, pilotari egindako euren ekarpena eskertuz. Migel Izagirre, Migel Imaz eta Juan Jose Isastik plakatxo bana jasoko dute.

Elite mailako finala izango da jaialdiko azkena. Partida erakargarria geratu zaie antolatzaileei, «egun afizionatuetan ikus daitekeen partidarik handienetakoa», esan du Anizeto Lazkanok. Alde batetik, Eneko Labaka eta Aranguren egongo dira, eta bestetik, Zubizarreta-Garmendia. Joko maila ikusgarrian daude lau pilotari gipuzkoarrak, eta tartean, Eneko Labaka albizturtarra dago.

Etorkizunekoen eta elite mailakoen partidak 22ra izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!