Aldaba eta Urkizu auzoetan eraberritze lanak amaitu berri ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 1a

Irudian, Aldaba auzoko frontoia eraberrituta. TOLOSAKO UDALA

Frontoia konpondu dute Aldaba auzoan; Urkizun Exola bidearen eraberritzea biribildu dute.

Landa auzoetarako 2017ko aurrekontuan zeuden zenbait proiektu amaitu berri ditu Tolosako Udalak. Horrela, Aldaba eta Urkizu auzoetako hiri ekipamenduak eraberritu dituzte, guztira, 71.500 euro inbertituz.

Aldaban, frontoiko hormek hezetasun arazoak zituztela-eta, hormigoizko lurra berritu dute, aurrekoa kendu eta pilotalekuari lur berria emanez. Bide beretik, hormak ere berritu dituzte: hezetasunaren aurkako tratamendua eman, eta margotu egin dituzte. Aldaba auzoan, guztira, 18.500 euroko inbertsioa baliatu dute eraberritze lanetarako.

Urkizun, berriz, Exola bidearen eraberritzeko hirugarren fasea amaitu dute. 2.300 metro karratuko eremua landu dute, eta 32.000 euroko aurrekontua behar izan dute obra garatzeko. Horrez gain, epe laburrean, udal brigadako langileek autobus geltoki bat eraikiko dute auzoaren erdigunean (9.800 euro), eta edukiontziak babesteko egitura eraikiko dute (9.200 euro).

Landa auzoetan hobekuntzak txertatzen jarraitzeko helburuz, 2018an Bedaio auzorako zenbait esku hartze aurreikusi ditu Tolosako Udalak: errepidea zabalduko dute, argiteria berrituko dute, edukiontziak ezartzeko gune berria egingo dute, eta hiru aparkaleku berri sortuko dituzte. Guztira, 150.000 euroko aurrekontua baliatuko dute lan horietarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!