15 segundoan bete dituzte Gipuzkoa Encounterreko plazak

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 1a

Datorren martxoaren 9tik 11ra izango da aurtengo Gipuzkoa Encounter; hasi zirenez geroztik, hamabigarrena.

400 eserleku 15 segundoan bete dituzte parte hartzaileek, XII. Gipuzkoa Encounterren atarian. Datorren martxoaren 9tik 11ra, Usabal kiroldegia teknologia berrien gune bilakatuko da, eta zibersegurtasuna izango da, aurten, gai nagusi.

Besteak beste, arrisku informatikoak saihesteko doako hitzaldiak eskainiko dituzte, parte hartzaile nahiz herritarrentzat. Horrez gain, urteroko moduan, arte digital, software libre eta hardware txapelketak ere egingo dituzte, eta bideo jokoak eta hitzaldiak ere izango dira, hiru egunez.

Konexioari dagokionez, berriz, 10 Gigako abiadura eskainiko diete, antolatzaileek, parte hartzaileei. Nabarmen gaindituko dute etxeetako konexioa, eta Espainiako topaketa informatiko azkarrenetakoa izango da Gipuzkoa Encounter.

Eserlekua erreserbatu ez dutenek, aukera izango dute eguneko sarrera eskuratu eta Open Gunean sartzeko, edo Usabalgo jarduna saretik jarraitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!