Lehengo lepotik izan zuen burua, Tolosako Udaleko ohiko osoko bilkurak. Urtarrilean lan gatazkek erdigunean hartu baldin bazuten, joan den astearteko plenoan ere Tolosaldea Bus-eko eta Asuncion klinikako langileen aldarriak izan ziren protagonista, eta haiek iragarri zituzten albiste nabarmenetakoak: batetik, Tolosako Udalak, TOPAk eta Asuncion klinikako langileek eskualdeko osasun publikoaren aferaz aritzeko batzar monografiko irekia antolatuko dute martxoan eta, bestetik, Tolosaldea Bus enpresako langileek greba mugagabeari ekin diote jada, lankide baten kaleratzearen aurrean.
Hilabete baino gehiagoko mobilizazio eta lanuzteen sokari tiraka ari dira Tolosako Asuncion klinikako langileak eta, azken asteotan Eusko Legebiltzarreko ordezkari politikoekin elkartu eta gero, Tolosako osoko bilkurara bertaratu ziren, beste behin. Eskaerak, betikoak: klinikak zerbitzu duin bat eskaintzeko beharra duela, eta espezialista nahiz profesional ugari Asuncion uzten ari direla, langileen karga igoz. Bide beretik, oposizioak eta TOPAko ordezkariek udal gobernuari leporatu zioten, «eskumenak eskumen, Tolosako Udalak ardura eta presioa egiteko ahalmena» duela, eta «ez duela egiten».
Olatz Peon alkateak hitza hartu, eta azaldu zuen arratsalde hartan bertan bildu zela TOPAko ordezkariekin, Asuncionen auziaren inguruko bilera monografiko bat antolatzeko: «Martxoaren 12aren bueltan izango da, alderdi politiko guztietako ordezkariekin, eta irekia izango da. Gaineratu nahi dut, alkate gisa dagozkidan ardura guztiak nire gain hartzen ditudala; eskumenen argibideekin, errealitatea mahai gainean jarri besterik ez dut egiten».
Beren aldetik, Tolosaldea Bus enpresako langileek ere azken asteotako grebaren gogoan berresteko asmoa iragarri zuten, pleno aretoan, lankide baten kaleratzea salatzearekin batera: «Hilabete daramagu greban, eta enpresak dei bakar bat ere ez digu egin negoziatzeko. Aldiz, errelebo kontratuarekin lanean ari zen lankide bat kaleratzea erabaki dute».
Kaleratutako langilea Tolosako Hiribuseko gidari lanetan aritu da azken lau urteotan eta, langileen arabera, «greba egiteagatik kaleratu dute». Kontuak horrela, negoziazioen hutsuneak eta lankidearen kaleratzeak pauso berri bat ematera bultzatu ditu langileak: greba mugagabean daude orain.
Alkateak «harridura» azaldu zuen kaleratzearen aurrean, eta «mahai baten bueltan esertzea komenigarria» izango dela berretsi. Inaki Irazabalbeitiak, berriz, EH Bilduren izenean, foru aldundiari eta udalari egotzi zion ardura: «Ez da posible erakunde publiko batek kontratatutako enpresa batek horrela jokatu, eta erakundeak ezer ez egitea».
Oriaburu, martxan jartzeko prest
Oriaburu eraikinean coworking gunea zabaltzeko ordenantza aho batez onartu zuten udalbatzako zinegotziek eta, behin betiko testua idatzitakoan, deialdi irekia egingo du udalak, ekintzaileek izena eman dezaten.
Bestalde, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala ere aho batez onartu zuten plenoan, aurtengoa berezitzat joz: Tolosako Udalak bat egin du greba feministarekin.
Azkenik, ikurrinaren alde nahiz Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren alde EAJk aurkeztutako mozioek ere aurrera egin zuten plenoan.