Bigarren postuan jartzeko garaipena

Mikel Iraola 2018ko ots. 28a, 11:44

Amaikak Bat taldearen aurka garaipen erosoa lortuta (5-1), eta Pasaiaren porrota baliatuz, sailkapen nagusiko bigarren postuan jarri dira Ander Avellanedaren mutilak.

Joan den astean, sailkapeneko lehen postuetan zeuden talde guztiek ez zuten garaipenik lortu. Atzera pausua izan zela pentsa zezaketen batzuek, galdutako aukera bat; baina alde onetik ere izan zuen, galduta ere, ez baitziren aldeak hareagotu. Eta asteburu honetan gertatutakoak balioa eman dio horri.

Gainera, azken emaitzak perspektiba zabalagoarekin aztertuz gero, balioa eman behar zaio azken 10 neurketetatik zazpi irabazi dituela talde urdinak. Larunbatean ere, Tolosak aise hartu zuen mendean Amaikak Bat: 5-1.

20. minutuan aurreratu ziren urdinak, Bereziartuari esker. 13 minutu beranduago banakoa ipini zuen Mancisidorrek. Bigarren zatian iritsi zen tolosarren indar erakustaldia. Denborldiko bigarren zatirik onenetako bat jokatu zuten. Hirugarren minuturako Zabaletan 2-1ekoa lortu zuen, eta bost minutu beranduago Bereziartuak hirugarren gola sartu zuen. Hortik aurrera Tolosak jokoa erabat menperatu zuen. Amaiera aldera, Ayerbek eta Mansok beste bi gol egin zituzten.

Pasaiak Ordizia liderraren aurka galdu egin zuen, 1-0, eta horrek bigarren lekuan jarri du Tolosa. Jakina da erabatekoa dela taldeen arteko berdintasuna, eta emaitza txar batek guztia alda lezakeela alde batetik bestera, baina indarra, behintzat, ematen du hor goian egoteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!