[PUBLIRREPORTAJEA] Mira bidaia agentzia: etxetik mundurako zubia

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 28a, 16:45

Mira bidaia agentzia zabaldu berri dute, Myriam Gurrutxagak eta Enara Etxeberriak; Tolosako Gernikako Arbolan dute bulegoa.

Etxetik mundura salto egiteko mirarik ez izatea; hori da bidaiari sena. Eta hori da, Mira bidaia agentzia berriak bezeroei eskaini nahi diena: oporraldiak lasai eta ondo prestatzea.

Bidaia agentzia baten ohiko lana garai berrietara egokitzeko saiakera egin dute, Myriam Gurrutxagak eta Enara Etxeberriak, Tolosako Gernikako Arbolako lorategietan. Turismo ikasketak egin zituzten biek, urteak daramatzate, jada, sektore horretan. Lantoki zuten agentzia ixtera zihoazela-eta, ingurukoen animoen laguntzaz, pausoa eman dute beren bidaia agentzia zabaltzeko. «Beste norbaitentzat lan egin beharrean, guretzat lan egingo dugu orain. Guretzat, eta guk nahi dugun moduan», azaldu dute.

Mira bidaia agentziak munduko edozein txokotarako leiho eta zubi izan nahi du bidaiarientzat, eta baita beste zenbait agentziarentzat ere. Izan ere, handizkako nahiz txikizkako bidaia agentzia izateko helburua dute.

Txikizkako agentzientzat konbinatutako bidaiak eta zerbitzuak antolatzen dituzte handizkako agentziek: «Beste agentzia zenbaitek ez dituzten produktu bereziak izaten ditugu, eta Espainiako bidaia agentziei saltzen dizkiegu». Horretarako, hornitzaile propioak dituzte, bitartekaririk gabe lan egiteko; besteak beste, Kubako, Tailandiako nahiz Afrikako hornitzaileekin zuzenean lan egiten dute. Bidea egiten hasiberriak direnez, ordea, Myriam Gurrutxagak eta Enara Etxeberriak nahiago dute, momentuz, txikizkako bidaia agentziaren egitekoetan zentratu.

BIDAIARIAK, BIDAIA DISEINATZAILE

«Gure jardunean, garrantzitsua izaten da helburu turistikoak ezagutzea», diote Mira bidaia agentziako arduradunek. Eta, alde horretatik, arazorik ez dute Myriam Gurrutxagak eta Enara Etxeberriak: «Biok gara bidaiariak eta, bion artean, helburu turistiko asko ezagutzen ditugu», diote. Horrela, mundua eta munduko hainbat hizkuntza ere ezagutzen dituzte, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta italieraz lan egiten dute Tolosako bulegotik.

Diotenez, denborak ez du hainbeste aldatu oporren filosofia, eta tradizioz arrakastatsu izandako lekuek, harrera ona izaten jarraitzen dute Mediterraneoa, kasu. Dena den, argi dute mende eta belaunaldi berriek bidaiatzeko tresna eta baliabide gehiago dituztela eta, oro har, jendeak gehiago bidaiatzen duela orain.

INTERNET, ALIATU

Mira bidaia agentziako arduradunek ahobizarrik gabe diote, internetek kalte egin diola, neurri batean, beren sektoreari. Hala ere, baliabidetzat dute tresnetan tresnena: «Pentsatu beharra daukagu guretzat aukera bat ere badela internet; lanerako erraztasunak eskaintzen dizkigu. Lehiakide bat da, baina aliatu bat ere bai», diote.

Bide horretan, Mira bidaia agentziak bizi-estilo eta ohitura berrietara egokitu nahi izan du bere lan metodologia: bezeroekin internet bidezko harremana sustatu nahi dute, batetik, eta zerbitzuen sektoreko ordutegia ezarri dute, bestetik.

«Jendeak oso gustuko du internet bidez bidaiak kontratatzea; lanetik atera, eta jendeak ez du gogorik, akaso, gure bulegora bertaratzeko. Horregatik, gu saiatzen gara bezeroekin lehen harremana mezu elektroniko bidez egiten, eta aukera guztiak azaltzen», diote. Hala, bidaia bat egiteko asmoa dutenek, informazioa eska dezakete posta elektronikoz, eta Mira agentziako arduradunek proposamena bidaliko diete bueltan: «Behin informazio trukea egin eta gero, hitzordu bat zehazten dugu, gauzak lasaiago azaltzeko. Guretzat ere erosoagoa da, bidaia prestatzeko denbora asko behar delako».

Hori hala izanagatik ere, Mira bidaia agentzia 09:00etatik 17:00etara zabalik izaten da astelehenetik ostiralera eta, larunbatetan, 10:00etatik 13:00era, bertaratu nahi dutenentzat.

SEGURUA ETA PREZIO BEREAN

Asko dira bidaia etxetik, beren kontura, prestatu eta kontratatzen duten bidaiariak; ordenagailua eta konexioa baino ez dira behar. Opor egunak etxetik kanpora pasatzeko antolakuntza horretan, ordea, bidaia agentziek badute balio erantsi bat: segurtasuna.

«Bidaiari askori segurtasuna ematen dio agentziarekin lan egiteak, guztia lotuta ekiten baitiote bidaiari», diote. Oporraldi motaren arabera, gauza eta tramite asko izan behar dira kontuan, eta agentziek guztiari erreparatzen diote: aseguruak, bisak, sarrerak,...

Ustearen kontra, gainera, balio erantsi horrek ez du prezio erantsirik, eta bidaia agentzia ez da internet baino garestiagoa: «Jendeak uste du guk tarifak igotzen ditugula, baina ez da horrela: hotelek prezio berbera eskaintzen dio bezeroari eta guri, eta hotela da komisioa guri ematen diguna». Areago, handizkako bidaia agentzia direnez, Mira bidaia agentziaren bitartez, interneten baino merkeago eskura litezke nazioarteko zenbait hegaldi eta beste zenbait bidaia.

Ziklo eta joerak bueltatzen diren bezala, bidaia agentzietara jotzeko ohitura ere bueltan dela diote Myriam Gurrutxagak eta Enara Etxeberriak: «Jendea konturatzen ari da interneten ez dagoela halako abantailarik, eta agentzietara bueltatzen ari dira batzuk. Batez ere, aurrez arazoren bat izan dutenak. Sektore honetan, guztia ondo lotuta izanda ere, norbere esku ez dauden arazoak sor daitezke, eta agentzietako arduradunei telefonoz deitzeko aukera dago; interneteko plataformetan ez da hain erraza. Gurea ez da saltzea eta kito: salmenta ondorengo zerbitzua ere gure lanaren zati da».

BIDAIA PERFEKTUA, ILUSIOZ 

Munduko bolari bira eman eta behatzak harrapatzen duten lur zatira joatea erabakitzen duten bidaiariak izango dira, ziur, baina, oraindik orain, badira oporraldiz oporraldi errepikatzen diren helburu turistikoak: «Kanariar Uharteak, New York, Tailandia, Cambrils, Menorca eta Formentera asko saltzen dira. Eta, azken urteotan, gorakada izan dute antolatutako zirkuituek ere; erosotasuna bilatzen dute bidaiari horiek».

Nolanahi ere, bidaiaren helmugak berak baino garrantzi handiagoa du bidaiariaren aldarteak, Mira agentziako arduradunen ustez: «Bidaia perfektuak ilusioa behar du, besterik ez. Gorabeheraren bat suertatuz gero, oporretan gaudela pentsatu behar da, eta gauzak lasaitasunez hartu».

Bizi-filosofia hori helarazten saiatuko dira, aurrerantzean ere, Mira bidaia agentziako arduradunak, Gernikako Arbolako 4. zenbakitik; 09:00etatik 17:00etara astean zehar, eta 10:00etatik 13:00era larunbatetan. www.mira.eus -en izango dute leiho birtuala, eta info@mira.eus helbide elektronikoan, mezu trukean aritzeko aukera. Telefonoz, berriz, 688 74 27 24 zenbakira deituz ekin ahal izango dio, bidaiariak, oporraldi perfektuari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!