TAKE, berriro ere lider

Mikel Iraola 2018ko otsailaren 27a

TAKE berriro ere Nazional Mailako liderra da. Asteburuan 71-44 irabazi dio Cafes Aitona Askatuak taldeari, eta San Cerninen porrotaren ondorioz, berriro ere sailkapeneko lehen postuan da.

Larunbateko partida hasieratik erabaki zuten tolosarrek: "Aurreko jardunaldia galdu egin genuen eta inauterien ondoren geldialdia izan genuen. Horregatik errespetuz irten ginen kantxara, eta hasieratik gogor jokatu genuen", azaldu du Yon Gonzalez entrentzaileak.

Segituan zabaldu zuten tartea markagailuan, eta une batzuetan jokoz ez horren fin ibili, uneoro mantendu zuten alde hori. Aurkariek ere ez zuten gehiegi estutu.

Hurrengo jardunaldiak berebiziko garrantzia izango du TAKErentzat. Hernani Tecnum taldearen kantxara egingo dute bisita tolosarrek. Hirugarren postuan dira, puntu bakarrera. Joanekoan, gainera, TAKEk galdu egin zuen etxean, eta averagea aldeko jartzeko asmoz bidaiatuko dute. "Lehen postua mantentze aldera, garrantzitsua izango da garaipena lortzea. Arerio gogor batekiko bi garaipeneko aldea zabalduko genuke eta", dio Gonzalezek.

Kaiet Vidaurre nekaezina deialdian sartuko du entrenatzaile tolosarrak. "Esperientzia beharko dugu garaipena lortzeko". Grina, zainetan du dagoeneko.

Neskek, berriz, 38-47 irabazi zuten Eskoritzaren kantxan. Alain Rekondok entrenatutako neskak hasieratik hartu zuten aurrea markagailuan. Jarraian, Goiena telebistak egindako bideo-kronika:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!