San Frantzisko pasealekuan gunea jarri zuten larunbatean, M8ko greba feministarekin bat egiten duten hainbat emakumek, eta informazioa eta plantoaren egunean soinean eramateko besokoak banatzen aritu ziren. Bertan hainbat arlotan greban nola parte hartu ere azaldu zuten; saltokietan, zaintza lanetan, enpresetan eta abar. Datorren larunbat goizean, martxoak 3, informazio gunea jarriko dute berriz ere.
Hainbat hitzordu jarriak dituzte jada. Bihar, hilak 27, 18:30ean pin feministak egiten jarraituko dute Tolosako kultur etxeko zeramika lantzeko gelan, eta 19:30ean bilera irekia egingo dute kultur etxeko gazte topagunean. "Eskualdeko emakume guztiei egiten diegu dei bilera edo ekintzetara agertzeko", esan dute.
Martxoaren 8an bertan, greba egunean, 10:30ean kotxe karabana egingo dute Usabaletik abiatuta, eta mobilizazioak goizez eta arratsaldez izango dira. 12:00etan Trianguloan elkartuko dira Emakumeok planto, M8 greba feminista lelopean eta emakumeei zaintza lanekiko euren loturak sinbolizatzen dituzten gauzak eramateko eskatu diete; eskoba, fregona, haurren kotxea, gurpildun aulkiak... 19:00etan Zerkausian egingo dute ekitaldia.