Azoka, hala moduzkoa; denboraldia, eskasa

Ataria 2018ko ots. 24a, 13:59

Euskal Herriko 16 mintegik hartu dute parte aurtengo Tolosako lore eta landare azokan.

Zuhaitzak, zuhaixkak, landareak, haziak, barazki landare ekologikoak... denetarik topatu ahal izan dute gaur Triangulora gerturatu direnek. Tolosako lore eta landare azokak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako 16 mintegi bildu ditu, tartean Anoetako bi: Zurlan eta Urkizu.

Hain zuzen, Urkizu mintegiko arduradunak aitortu du "eguraldi txarrak markatutako urtea" izan dela aurtengoa: "Gaur esperantzaz ginen, eguraldi polita izan dugulako, baina uste dut beste urteetan baino jende gutxiago izan dela, eta salmentetan ere nabaritu dugu hori", azaldu du.

Denboraldia ere kaskarra izaten ari dela nabarmendu du anoetarrak: "Baso landareekin eta fruta arbolekin ibltzen gara gu. Lehenak nahiko ondo joan dira; fruta arbolak, aldiz, oso geldirik daude, eguraldiagatik".

Bederatzi hilabetez egindako lanaren uzta hiru hilabetean jasotzen dute. Udaberrian hasten dira hurrengo denboraldiari begira. Abuztuan txertaketak egin ondoren, neguan ateratzen dituzte landareak, salmentan jartzeko. "Hiru hilabete ditugu dirua irabazteko. Baina ez dugu ezeren bermerik. Zalantzaz betetakoa da, eta etorkizuna ere horrela ikusten dugu", azaldu du Urkizuk. Ea, beraz, hurrengo denboraldia hobea izaten den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!