Berazubiko bigarren eta hirugarren faseak, martxan

Ataria 2018ko otsailaren 23a

Berazubi eta suhiltzaile-etxeko biribilgunearen arteko irisgarritasuna hobetzeko obrak martxan dira berriro ere.

2017ko urtarrilean hasi zituzten Berazubi eta Iurreamendi artean oinezkoen segurtasuna bermatu eta zirkulazioa hobetzeko lanak. Martin Jose Iraola kaleko biribilgunetik Iurreamendi pasealekuarekiko elkargunera arteko galtzadaren zabalera handitu zuten, oinezkoen segurtasuna hobetzeko asmoz. Kondeaneko aldaparen lotura ere hobetu zuten. Horretarako biribilgunea lekuz aldatu eta malda gutxitzeaz gain, erradioa handitu zioten.

Horrez gain, argiteria publikoa berritu, euri-uren sare berria egin, errepideetako seinalizazioa gaurkotu eta barandak margotu ziren. Lehen fase honetako lanek 370.122 euroko aurrekontua izan zuten eta uztailean amaitu zituzten.

Bada, orain, bigarren eta hirugarren faseetako lanak hasi dituzte. Bigarren fasean, Iurreamendiko egoitzaren sarreratik suhiltzaile-etxeko biribilgunera bitarteko espaloiak berrituko dituzte, baita Berazubiko biribilgunearen eskuineko espaloia ere.

Hain justu, azken leku honetako espaloiaren bukaerako zatian, Kondeaneko aldaparen albokoan, espaloia bere zabalera guztian egingo dute, eta horretarako euste-horma bat eraikiko dute Kondeaneko aldaparen eta Martin J. Iraola kalearen arteko ezpondan.

Bestalde, Iruñea Hiribideko espaloiari dagokionez, zabalera handituko da bertan dagoen parterrearen aldetik, zati guztian hiru metroko zabalera lortu arte. Saneamendu-sarea ere berrituko da.

Obra hauek burutzeko, 123.551,10 euroko aurrekontu osoa izango du eskura Tolosako Udalak, BEZa barne. Horietatik 55.439,02 euro bigarren faseari dagozkionak dira; hirugarrenarenak dira 54.560, 27 euro; eta gainerako 13.551,10 euroak Gipuzkoako Urak enpresak egin beharreko obrei dagozkienak dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!