[GUTUNA] Santi Balzaren familiaren eskerrak

Santi Balzaren sendia 2018ko ots. 22a, 10:10

Inauteriak joan dira eta dagoeneko hurrengo urtekoen zain gaude tolosarrok… Aurtengoak bereziak izan dira gure etxean. Inauterizale aparteko bat falta zitzaigun: gure aita.

Festen aurreko egunetan gure barrena hainbat emoziorekin korapilatuta zegoen eta, halaxe, iritsi zen Ostegun Gizena. Aurten, gainera, Pintxanako kide berri bat genuen etxean, eta denok, noski, berarekin Pintxana entzutera joan ginen.

Eta, halako batean, sorpresa galanta jaso genuen. Pintxanak aitari aparteko omenaldia prestatu zion bere izenarekin konposatutako habanera eta guzti! Izugarria!

Ezin da hitzekin adierazi ostegunean Plaza Berrian bizitakoa… Plaza jendez beteta zegoen eta bi txarangak elkarrekin habanera berria jotzen ikustea ikaragarria izan zen.

Horrekin, eta uztailean ere Amarotzen Konponezinak txarangak egindako omenaldiarekin, Santi gure aita zenbat estimatzen zenuten konturatu gara, eta oso hunkigarria eta pozgarria izan da guretzat, benetan. Oso harro sentitu gara!

Mila-mila esker Pintxana txaranga, Kabi Alai elkartea, Ivan Arostegi, Mirari Martin eta bertaratu zineten hainbat eta hainbat lagunoi, eskainitako maitasunagatik.

Ez dugu sekula ahaztuko!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!