LAB sindikatuko ordezkariek ere planto egingo dute M8an

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 20a, 12:45

Emakumezko ordezkariak bildu dira gaur, Tolosako egoitzan eta mugimendu feministak Martxoaren 8rako deitu duen plantoarekin bat egiten dutela azaldu dute.

Eskualdeko LABeko emakumezko lan ordezkariak elkartu dira gaur, sindikatu abertzalearen Tolosako egoitzan, M8arekin bat egiteko. «Sindikatuak M8arekin bat egiten du eta antolatzen ari gara. Ezohiko greba bat izango da, baina lanari dagokion arloa ere badu, lau orduko lanuzteak deitu dituzte bai goizez eta bai arratsaldez, eta horiek antolatzen ari gara», esan du Tolosaldeko LABeko Haizea Mendia ordezkariak. «Esku-orriak ditugu, pankartak egiten ari gara, informazioa zabaltzen... asmoa da aste honetan zehar lantokietan eta eskualdean zehar LABeko mezua kaleratzea», gaineratu du.

«Orokorrean emakume guztien lanaren balioa da M8an aldarrikatuko duguna, bai enplegu bezala ulertzen ditugun lan horien balioa eta baita kontratu gabe egiten diren lan horiek guztiena ere, gainontzeko zaintza lan horiek guztiak. Gure ustez lan guztiek dute balioa», esan du Eztizen Agirresarobe Pineda sindikatuko Zerbitzu Pribatuetako eskualdeko arduradunak.

Planto egitea garrantzitsua dela nabarmendu dute eta horregatik egin dutela bat mugimendu feministak egindako deialdi orokorrarekin. «Martxoak 8ko mobilizazioetan urrats bat ematea erabaki da, mundu mailako deialdi bat da eta guk ere gure ekarpena egitea erabaki dugu. Euskal Herrian planto egun honekin bat egitea erabaki dugu», esan du Mendiak.

Greba egunean mobilizazioak ere egongo direla esan dute eta horiekin bat egingo dutela azaldu du eskualdeko arduradunak. «Orokorrean 12:00etan eta 20:00etan izango dira mobilizazioak, herriz herri, baina baliteke herri edo eskualdeetan beste mobilizazioren bat edo deitzea, horien berri aurrerago emango du mugimendu feministak, eta guk horiekin bat egingo dugu», gaineratu du.

Arrakala
M8a baino lehen, dena den, ostegunean, Soldata Berdintasunerako Europako Eguna izango da, eta horra begira ere jarri dira LABeko ordezkariak. «Lanketa egiten ari gara, enplegutzat jotzen ditugun horietan, soldatetan, arrakala ematen da oraindik eta hori salatuko dugu. Era berean, baliorik ematen ez zaien lan guzti horien garrantzia aldarrikatu nahi dugu», esan du Agirresarobek.

Azken datuen arabera –2015ekoak dira– gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean urteko 7.000 bat euroko aldea dago. «Kontuan hartu gabe ordaintzen ez diren lan horiek guztiak», gaineratu du Agirresarobek.

Hilaren 22ari begira lanketa berezia egingo du LABek eta enpresaz enpresa joango dira lantokietan azterketa erreal bat egiteko eskatuz. «Datu orokorrak ditugu, eta jakin nahi duguna da gure inguruko enpresetan zein egoera ematen den. Eskualde eta herrietan zein desberdintasun dauden ikusi nahi dugu», esan du Mendiak. Behin datu horiek jasota LABetik arrakalekin amaitzeko irtenbideak eskainiko dizkiete enpresei, zein urrats eman beharko lituzketen esanaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!