Sarien pozaz eta inauterien nostalgiaz bete da gaur, Topic zentroko aretoa. Tolosako Udala iaz hasi zen karroza eta konpartsen sari banaketa bertan egiten, eta aulki koloredunek ederki hartu dute azken hilabeteotan egindako lana: Bedaioko erreferendumak irabazi du karrozen sari nagusia, Kataluniako gertakariak umorez jantzi, eta Tolosara bertaratu izanagatik. Besteak beste, Carles Puigdemont bera, hainbat Piolin eta ertzainak elkartu zituzten, karrozapean.
Ohi bezala, sariak karrozaren neurriaren eta parte-hartzaile kopuruaren araberakoak izan dira, eta Topic, Aluminium, Mugittu, Turkish ileapaindegia eta KASI(dirudun)NOA ikuskizunentzat izan da 2018ko errekonozimendua. Epaimahaiaren sariekin batera, ordea, iazko bidetik, udalak aipamen berezia egin nahi izan dio, karroza eta plataformarik gabe egonagatik, Tolosak bere-berea duen inauteria kalera atera duen talde bati: Hostoak konpartsak ere jaso du, beraz, dagokion txapela.
Aipatzekoa da, 2018ko karroza eta konpartsek lehiaketan 77 taldek emana zutela izena, eta epaimahaia zazpi kidek osatu dutela: Tolosako Udaleko jaietako eta berdintasuneko teknikariek, eta inauterietako karroza eta konpartsetako ohiko parte hartzaileetako beste bost ordezkariak.
Txapelarekin batera, Pablo Dendaluze tolosarrak egindako inauterien laburpen bideoa ere oparitu die udalak irabazleei, eta aretoan bertan proiektatu dute pilulatxo bat. Zalantzarik ez da, nekeak errekuperatu gabe dituztenei ere, piztu zaie 2019ko otsailaren 28rako harra. Gosez geratu direnek, beraz, Piñata eguneko hitzordutxoak izango dituzte zain.
2018ko inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketako irabazleak
• Karrozen lehen saria: Bedaioko erreferenduma
• A taldeko (25 pertsona baino gehiago) konpartsen lehen saria: Topic
• B taldeko (12-25 pertsona) konpartsen lehen saria: Aluminium
• C taldeko (6-11 pertsona) konpartsen lehen saria: Mugittu
• D taldeko (1-5 pertsona) konpartsen lehen saria: Turkish ileapaindegia
• Karroza/konpartsa berdinzaleenaren saria: KASI(dirudun)NOA