Handiak txikia jan nahi du

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 19a, 09:28

'Ergela' antzezlana iritsiko da otsailaren 23an Tolosako Leidor antzokira. Txalo ekoizpen etxearen lanean bi dira protagonistak: Sara Cozar eta Joseba Apaolaza. Komedia dena, ilunduz joango da lanak irauten duen ordu eta laurdenean. Gizartearen joerak islatzen dira Apaolazaren hitzetan.

Ekonomikoki estu dabil Ergela antzezlaneko protagonista. Dirua azkar irabazi nahi du eta aukera paregabea topatu du: ikerketa psikologiko baterako izena ematea. Dirua modu horretan erraz lortu dezakeela pentsatzeagatik da ergela, enpresariak ez baitio bidea horren erraz utziko. Joseba Apaolaza da ergel hori gorpuzten duen aktorea eta Sara Cozar berriz, ikerketa psikologikoa egingo diona.

Ordu eta laurdenez tentsioa mantentzen dute bi aktoreek. Komedia bezala aurkeztu du Txalo ekoizpen etxeak, baina komedia ez da horren komedia, tragikotik ere ba omen du Apaolazak berak esan duenez. «Lehen ordu erdian barre egingo du ikusleak, baina antzezlanak aurrera egin ahala lanak beste bide batzuk hartzen ditu», azaldu du urretxuarrak. Maltzurkeria ukituak ere baditu lanak, istorioak aurrera egin ahala. Gai unibertsala da Ergela-k jorratzen duena. Menderatzaile eta menpekoaren arteko gorabeherak dira nagusi, eta bulego soila dena, ergelaren ziega izatera iristen da. Estu hartzen du enpresariak.

Lan berria da Ergela, urtarrilaren 20an estreinatu zuten Bilbon, baina Villabonan izan dira jada. «Oso sentsazio onak izan ditugu, nire ustez jendeak oso gustura hartu du lana. Atseginez ikusten duen funtzio bat dela esango nuke; batetik, atzean daudelako zer gertatzen ari da, zer ari dira egiten edota zein asmo dute galderak, eta, bestetik, hor dauden enigmak asmatzen-eta publikoa parte bihurtzen delako», esan du Apaolazak.

Gidoi biziko lana taularatzen dute bi aktoreek eta Tolosara gaur zortzi, otsailaren 23an, iritsiko da.

FITXA

Egilea. Jordi Casanovas.
Euskarazko itzulpena. Martin Agirre.
Zuzendaria. Begoña Bilbao Lejarzegi.
Aktoreak. Joseba Apaolaza eta Sara Cozar.
Eszenografia. Asier Sancho Senosiain.
Ekoizpena. Txalo.
Emanaldia. Tolosako Leidor antzokian, otsailaren 23an, 20:30ean. Sarrera: 10 euro.

 

«SAKONEKO MEZUA DA BOTERETSUAK EZ DAUDELA GELDI»

Mundu guztian taularatzen ari diren lana da Ergela, eta horrek atzean dagoen istorioaren kalitatea uzten du agerian Joseba Apaolaza (Urretxu, 1960) aktorearen iritziz. Sara Cozar ordiziarrarekin batera aritzen da antzezpenean eta bien arteko konplizitatea beharrezkoa dela dio. Elkarrizketa bizien bidez adierazten diote ikusleari menperatu eta menperatuaren arteko harremana eta ikusleak «emanaldiko parte» bihurtzen dituztela ere aurreratu du aktoreak.

Tragedia kutsuko komedia omen 'Ergela'.

Estilo nahasketa edo bilakaera bat dago atzean. Egia da kartelak berak komedia baten itxura ematen duela, baina egia da nahiz eta funtzioak komedia arin baten antzera hasi, beste gauza batean bilakatzen dela, thriller moduko bat edo, azken finean suspensea ere badago, ez dakigulako zer dagoen horren guztiaren atzean.

Eta zein da thriller moduko horren atzean dagoen historia?

Mezuari erreparatuz gero, sakoneko mezua da ahaltsuak eta boteretsuak ez daudela geldi gizartea kontrolatzeko lan horretan, eta horren adibidea dugu aurrean dugun ikuskizunak erakusten duena. Guk kontatzen dugun istorioan ergel bat dago, baina ez nuke esango ergel kalifikagarria pertsona horri lotuta dagoenik bakarrik, gizarteari lotuta dago, gehiago. Azken finean tipo hori, tipo normal samarra da, hori bai, diru premia ikaragarria duena. Eta bere lana eta bizimodua kinka larrian duena. Horregatik ematen du izena horrelako proba batean, trukean dirua irabazteko esperantzarekin. Gertatzen dena da probak aurrera egin ahala konturatzen da eta ikusleak ere konturatzen dira, atzean badagoela beste zerbait. Maltzurkeriaz eta xantaiaz jositako proba multzo bat dela.

Gizarte honetako gizajo bat da beraz, ergela. Boteredunek gizajotzat gaituztela, alegia.

Funtzioak hori adierazi nahi du nik uste.

Zuk gorpuzten duzu ergelaren papera, eta zein da Sara Cozarren papera?

Sara enpresa bateko zuzendaritzako kidea izango litzateke. Proba guzti horien gidaria da, beraiek bezero batzuk kontratatu dituzte proba batzuk egiteko eta bera izango da aurpegia ematen duen gidari horietako bat.

Darabilzuen gidoi bizi horrek laguntzen al du bien paper kontrajarri horiek ulertzen?

Estatusak oso garbi daude zentzu horretan; azken finean bere eskutan jartzen naiz, bere esanetara aritzen naiz. Borondatezkoa izaten hasten den zerbait, azkenean behartuta jarraitu beharreko proba izatera pasatzen da. Bestetik, ikuskizun honek bertute itsatsi bat dauka eta da, niri egiten dizkidan proba horiek guztiak ikusleek ere zuzenean entzun eta nahita nahiez parte bihurtzen dituela, isilean bada ere. Erantzun behar ditudan enigma eta gainontzeko galdera horietan, eta baita proba bisualetan ere, publikoak parte hartzen du. Izan daiteke interesgarriagoa edo ez, baina funtzioa ez da aspergarria, inondik inora. Horregatik dira oso beharrezkoak elkarrizketa bizi horiek.

Konplizitate berezia izango duzue; bi aktore bakarrik ordu eta laurdenez taula gainean...

Behar da hori. Bata bestearen eskutan gaude. Haren azken hitzari eransten diot nirea, eta horrela izan behar du. Horrelako elkarrizketa bizietan ezinbestekoa da. Lehendik ere ezagutzen genuen elkar, eta horrek ere laguntzen du.

Eszenografia zaindua du lanak eta bulego bat dena, ergelari ziega iruditzen zaio.

Kartzela bat da, barruan dago eta momentu batean konturatzen da ezin dela atera, beraz, bai, preso dago bulego horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!