Isiltasuna errepikatu ez dadin

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 15a, 16:25

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gonbidatuta, Tolosako lau ikastetxetako ia 1000 ikaslek 'Don't be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik' bide-segurtasun programa pedagogikoan hartu dute parte.

Orixe, Herrikide, Laskorain Ikastola eta Inmakulada Ikastetxeko 989 ikasle elkartu dira gaur goizean, Leidor Aretoan, trafiko-istripuen arrazoiak eta ondorioak aztertu eta horiei aurrea hartzeko sentsibilizazio-aholkuak jasotzeko helburuarekin. 

Pertsonaia birtual batek bideratu du saioa, eta trafiko-istripuak eragiten dituzten egoera arriskutsuak identifikatzen aritu dira, umorearen bidetik. Ordura arte giro atsegina zen aretoan. Ondoren, istripuen biktimen eta bide-segurtasunaren eta medikuntzako profesionalen lekukotzak entzun dituzte, eta isilik geratu dira guztiak.

Hain zuzen, larrialdi zerbitzuetako langile batek aitortu du istripuren bat gertatu den lekuan dagoen isiltasuna izaten dela gogorrena: "Autoetako irratiak itzaltzea tokatzen zaigu batzuetan. Isiltasuna bada, ezer onik ez. Beraz, egin ezazue zuen esko dagoen guztia, hartu neurriak, tentuz ibili errepidean, isiltasun gehiago egon ez dadin".

Suhiltzaile batek, berriz, bi gazte erreskatatu zituztenekoa kontatu du; eta azken testigantza biktima batena izan da. AESLEME elkarteko beste kide batek gogora ekarri du lau urte zituela bizitza osoa markatu dion istripua izan zuenekoa. Testigantza gogorrak guztiak.

Sentsibilizazio programa hau kokatzen da Trafiko Zuzendaritzak 2015-2020 aldirako sortutako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren barruan. Orain arte 39 ikastetxetako 4.705 pertsonak hartu dute parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!