Helduen sormenerako ikastetxe gaztea

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ots. 15a, 11:14

Garai batean zuten eskola herrikoien kutsua, Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzearekin desagertu zitzaien Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikastetxeei. Tolosako egoitzak, 30 urte beteko ditu datorren ikasturtean, hasierako ilusio berarekin eta heldu nahiz gazte gehiago hartzeko asmoz.

Inoiz ez omen da berandu, oraindik probatu gabeko gauzetan trebatuz, garai batzuetan bizi ezineko esperientziak, antzeko adina duten pertsonekin partekatzeko. Inoiz ez omen da berandu zerbait berria ikasteko. Hala diote askok, eta esaera horri eutsiz dihardu egun, eskola publiko honek. Irakasle nahiz ikasleen esanetan, «bertan duten adin nahiz kultur aniztasuna, oso aberasgarria da hezkuntzarentzat».

Tolosako ikastetxea, Igeralde kaleko 23an dago kokatuta; Villabonakoa, berriz, Errebote plazan, udaletxeko bulego batean. Tamainaz, oso ezberdinak dira biak, matrikulazio kopuruaren araberakoa da aldea. Hala ere, bietan, funtzionamendu berdina mantentzen dute hezitzaileek nahiz hezten jarraitzen dutenek. Hasiera batean, jende askoren alfabetizazio beharra zela eta, udaletxeek hartu zuten horien ardura; gerora, ordea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila izan zen horiek kudeatzeari eta laguntzeari ekin ziona.

Eskualdean, ia 600 pertsona dira bi eskoletan izena emanda daudenak. Tolosan, esaterako 500 ikasle daude matrikulatuta. Horien artean aurkitzen dira Raquel Nuño Mejuto eta Marcos Morales Fuentes. Ander Pascual Ariz, berriz, bertako zuzendaria da. Hirurek, Pascualek agian gehiago, ederki ezagutzen dute ikastetxea, eta oso gustura aritzen dira bertan lanean. Zuzendariak dionez, ordea, «hiru hamarkadatan, egoera asko aldatu da, jada ez dagoelako alfabetatu gabeko inor, edo oso jende gutxi behintzat; hala ere, ikasle asko ditugu bertan, eta hori kontutan hartzekoa dela iruditzen zait».

Beste herrialde batzuetatik datozenak dira gehienbat, alfabetatze beharrak bultzatuta, ikastetxera gerturatzen direnak; Tolosan, %25a gutxi gorabehera. Bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua behar dutenak aurkitzen dira. «Hauek, ikasleriaren %20a osatzen dute. Lanbide askotan eskatzen dute orain titulu hori, eta askok ez daukate, bere garaian ikasketak utzi zituztelako, eta gerora langabeziara joan zirelako», dio Pascualek. Horietatik gehienak, eskualdeko ikastetxe edota eskoletan ikasle izandakoak dira.

ALFABETATZETIK HARAGO

Prestakuntza Profesionala gradua osatu nahi izanez gero ere, bada aukera bertan. Gainerakoan, bi motatako ez-araututako ikasketak eskaintzen dituzte, hezkuntza sisteman berrezartzeko nahiz pertsonen heziketan eta kultur aberastasunean indartzeko. Horien artean aurkitzen dira, ingelesa nahiz euskara hobetzeko lanketan diharduten taldeak, artearen historiari buruzko taldea, informatika ikasketak jasotzen dituen taldea, eta tailer ezberdinen bitartez memoria lantzen duten ikasketa tekniketako taldea. «Azken ikastaro hauei, ez-araututakoak deitzen zaie, gerora, inolako titulu ofizialik lortzen ez dutelako», gehitzen du Pascualek. Lehen aipatutakoez gain, bada azken talde bat: Unibertsitatera sartzeko prestatutako taldeak. 25 nahiz 45 urtetik gorakoei eskainitako ikasketa mota da, eta Prestakuntza Profesionaleko zikloetan dihardutenentzat ere bai. Bertan aritzeko ordea, beharrezkoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzea.

Marcos eta Raquelen kasua, oso ezberdina da. Lehenak, erretiroa hartu ondoren, informatika mundura jauzi egitea erabaki zuen, eta ikastaro horretan aritzen da egunean hiru orduz. «Guzti honen inguruko ezagutza handirik ez nuenez, ikasten jarraitu ahal izateko nago hemen, oso gustura gainera». Bigarrena, aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradua lortzeko ikasten ari da. «Bere garaian, alferkeriagatik edo ez nuen ezer egin, eta hemen, oraingoz, asko gustatzen zaizkit bai funtzionamendua, baita metodologia ere».

Lehen aipatu bezala, bertan ikasten duten etorkinen kantitatea, anitza da. Beraiekin, ordea, ez dira denbora askoz egoten bi ikasleak. Hala ere, elkarbizitzari buruz galdetzean, argi dute ikasleen arteko harremanak oso onak direla. «Nahiz eta adin ezberdinetakoak izan, gela berean hasiberri ugari egoten dira, eta horrek, gauzak errazten ditu», dio Marcosek.

«Tolosako ikastetxea zerbaitek nabarmentzen badu, hori dibertsitatea da; denetik aurki dezakezulako hemen», aitortzen du Pascual zuzendariak. Badira, 18 betetzean, titulurik gabe aurkitzen direnetatik hasi, eta familia jaioterrian utzita etorri eta goizeko lanaldia burutu ostean, arratsaldean ikastera etortzen diren ikasleetaraino joan gaitezke. 18, 45 edota 54 urte dituzten gazte nahiz helduak daude. «Baina, benetan deigarriena zera da: behin ikastaroa amaitu eta titulua lortu ostean, askok, ea beste ikasketaren batean matrikulatu daitezkeen galdetzen dizutela», eta jarraitzen du, «momentu batez bada ere, beraientzat liberazio bat delako hona etortzea, hiru ordu izaten dituzte eta laneko arazoez, etxeko lanez nahiz bestelako eginbeharrez ahazteko».

EUSKARARI LEKUTXOA

Hala ere, hiru ordu horietan, hau da, ikasgela barruan sartuta dauden momentuan, materia ezberdinen inguruko azalpenak, gazteleraz ematen dituzte. Hobeto esanda, gazteleraz ikasten da bertan, hein handi batean behintzat. «Gehien erabiltzen den hizkuntza da, eta hortaz, ikasgaiak (matematika, teknologia, giza zientziak…) erdaraz irakasten ditugu. Lehen azaldu moduan, etorkinak dira ikasle gehienak, eta beraien beharretara ahalik eta egokien moldatzea da lehen eginbeharra, ditugun baliabideekin», aipatzen du Pascualek.

Halaber, euskalduntze-prozesu bat aurrera eramaten saiatzen dira Helduentzako Hezkuntza Iraunkorreko zentroan, eta ez-araututako ikasketen barruan, badira hizkuntzen erabileran eta lanketan trebatzen aritzen diren zenbait talde. Hizkuntza horiek, euskara eta ingelesa dira, eta euskararen barruan, bi taldetan banatzen dira ikasleak: oinarrizko edo funtsezko maila dutenak eta maila aurreratuagoa dutenak. «Astean zortzi ordu eskaintzen zaizkie hizkuntzen inguruko klaseei, eta horietatik 4 gaztelerari, bi euskarari eta beste bi ingelesari», dio Pascualek. Bestalde, aitortu beharra dauka, «irakasleari euskaraz hitz eginez gero, hauek ez dutela arazorik ikasleek aukeratzen duten hizkuntzan erantzuteko».

AURRERANTZEAN ZER?

Etorkizunari buruz galdetuz gero, bai Raquel baita Marcosen helburua edo nahia, ikasten jarraitzea litzateke. «Nik, sare sozialetan trebatzen jarraitu nahiko nuke, eta informatikari dagokionez, maila aurreratuago batean egon nahiko nuke datorren urtean», dio Marcosek. Raquelek, berriz, argi dauka: «Ondo bidean, datorren urteko otsailean jasoko dut titulua, eta ondoren, unibertsitatera sartu ahal izateko ikastaroan eman nahiko nuke izena, edo bestela, goi-mailako graduren batean hasi».

Urtarrilaren 26a. Hura izan zen HHI-ko egutegian gorriz markatu zuten eguna. Egun horretan bertan hasi baitziren ikasturte berrirako matrikulazio kanpainarekin. Hori dela eta, nahi edo behar duenak, badu zer eta non ikasi: tituluren bat atera, informatikaren eta teknologia berrien munduan ausartu, euskara nahiz ingeles mailak hobetu… Pascualek ikasle berriei bertara joan eta instalakuntzak ikustera animatzen die: «Ezagutu dezatela gure eskaintza, kapaz izango ote direnaren beldur hori alde batera utzi eta erronka berriei aurre egin diezaietela, hain erraldoia ez den jauzi hori eman dezatela, gerora, modurik naturalenean egiten delako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!