Giroa azpimarratu du udalak, inauterien lehen balorazioan

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 14a, 16:06

Festak «ezbehar azpimarragarririk gabe» ospatu direla azaldu dute, eta «aurrerapausotzat» jo dute zarataren aurkako neurri berria

Hasterako ia bukatu dira, beste behin. Osteguneko festaren lehertzetik ez dira lurreko konfetiak baino geratzen, eta oroitzapenak errepasatu eta hurrengo urtean hobetzekoak zerrendatzeko unea da orain. Tolosako Udalak lehen balorazioa egin du bilera irekiaren aurretik, eta inauterietako giroa nabarmendu: «Udalak balorazio positiboa egin du 2018ko inauteriekiko: kaleak inauteri giroz, jendez, musikaz eta umorez bete dira, eta ez da gertakari larririk izan».

Horrela, fokua giroari jarriz, «herritarren inplikazioa, egindako lana eta parte hartzea» txalotu dituzte. Hain justu omenaldiz eta urteurrenez jantzitako inauteriak izan dira, eta Berazubiko karrozako Kabi Alai kuttunak, Pintxana txaranga, Santi Balza, Joseja Garcia nahiz Karlos Muñoa izan dira protagonistetako zenbait. Azken honek, 46 urtez Zaldunita bezperako danborrada zuzentzen aritu eta gero, aurtengoa izan du azkena.


Zarataren ordez, «armonia»

Hirugarren urtez, karrozek leku finko bat izan dute ibilbidean. Aurten, ordea, ibilbidea aldatu dute estreinakoz, eta karrozen arteko tarteak zabaldu; segurtasuna areagotu nahi izan dute, eta masifikazioa saihestu.

Aurten hasi eta datozen urteetako antolakuntzari begira, karroza handienetako ordezkariek ere pauso garrantzitsua eman dute aurten: Tolosako Karrozak elkartea sortu dute. Horrela, Tolosako Udalarekin nahiz txarangekin neurri berri bat adostu zuten inauterien aurretik, zarata eta elkarbizitza uztartzeko helburuz.

18:00etatik 20:00etara bitarte, karroza eta konpartsek musika itzalita eduki behar izan dute, Zaldunitatik Asteartitara bitarte. Udalak, bere balorazio propioan, «doinu desberdinen arteko armonia» lortu dutela azpimarratu du: «Aurrerapauso bat izan da, eta udalaren helburua da gaia karrozetako ordezkariekin lantzen jarraitzea».

Guztira, 77 karroza eta konpartsak parte hartu dute, aurten, lehiaketan.

Diruzorroak eta erakusleihoak

Istilu «azpimarragarririk» ez du azpimarratu udalak, baina zenbaki zehatzekin osatu dute lapurreta eta bestelako gertakarien balantzea.

Azaldu dutenez, Udaltzaingoak 60 abisu jaso ditu dokumentazio galerengatik, edo telefono eta kartera lapurretengatik; 40 diruzorro eta 5 mugikor aurkitu dituzte.

Liskarrei dagokienez, berriz, 20 pertsona identifikatu dituzte, eta herriko zenbait saltokitan ere erakusleihoetako kristalak puskatu dituzte. Udalak azaldu duenez, bost komertziotan eragin dituzte kalteak.

Ura, xaboia eta edukiontziak

Jaiak kalean jarraitu eta kaleak jaiari eutsi diezaion, Tolosako inauteriek ezinbesteko izan ohi dute garbitzaileen lana. Modu horretan, Tolosako Udalak bereziki txalotu du, beste behin, kale garbiketa lanetan aritu diren 39 pertsonaren lana.

Datu zehatzetara joz, 452.000 litro ur eta 500 litro desinfektatzaile baliatu dituzte kale garbiketan, eta hondakin bilketa ere bereziki antolatu dute, 6 eguneko jaiei begira. Bilketa berezia izan da, eta edukiontzi gehiago ezarri dituzte kalean; 153 metro kubiko hondakin bildu dituzte.

Hausterre eguneko lehen balantzea egin eta gero, Tolosako Udalak ohiko balorazio bilera irekia antolatu du gaur iluntzerako. Horrela, herritar eta eragileen iritzi eta iradokizunek gorpuztuko dute 2018ko inauterien balorazioa.

Puntu horiek azpimarratzearekin batera, udalak nabarmendu nahi izan du eraso matxisten inguruan egindako lanketa: Tolosak, EZETZ! kanpaina abiarazi zuten festen aurretik, eta bihar bertan karroza berdinzaleena sarituko dute.

Halaber, alkohol eta droga prebentzioan ere aritu dira, Inmakulada ikastetxeko ikasleen eta AiLaket elkarteko kideen eskutik. Lehen aldiz, kaldereroen egunean ekin zioten lanari, gazte lokaletan.

Tolosaldea Buseko langileak greban izan diren arren, udalak azaldu du gutxieneko zerbitzuak bete direla, eta autoz bertaratu direnak bideratzen 12 pertsona aritu direla lanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!