Gaupasaz edo goiz pasa, zezen plazara

Ataria 2018ko otsailaren 13a

Pattar zezenak jende ugari bildu du, goizean goiz, zezen plazan. Ohikoa den moduan, 07:30ean hasi dira lehen txaranga doinuak, eta kalejiran gerturatu dira San Frantziskotik barrena. Giro itzela izan da goizetik.

Iruñean Villavesaren entzierroa egiten dute Sanferminak amaitu ondorengo goizean. San Fermin bera, Indurain eta korrikalari kuadrilla handia batu ohi dira uztailaren 15eko goizeko zortziretan. Bada, aurten inauterietara ekarri nahi izan dute entzierroa.

Pattar Zezena zegoela aprobetxatuz, musikari pare bat elkartu, eta zezen plazarako bidea hartu dute. Horrela hasi da goiza zezen plaza inguruan. Hortik gutxira txarangak iristen hasi dira: Txapel Haundi, lehena. Ondoren, Sukalde, Ortzadar, Urdiña Txiki, San Esteban, Aiz Orratz eta Kabila. Beraiekin batera, parrandazale ugari, saltoka, festa luzatu nahian. Beste asko ohetik jaiki berritan.

Ajea arintzeko edota azken festa eguna lehen minututik aprobetxatzeko aitzakia izan da, beraz. Ikusi beharko, gaur, hausterre egunean, entzierrorik egongo ote den ala ez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!