Askorentzat inauterietako unerik kuttunenetako bat da Alborada. Beste batzuentzat, berriz, tabernak itxi eta Pattar zezena hasi bitarteko denborapasa. Kontuak kontu, xarma bereziko hitzordua izaten da Alborada.
Goizeko 06:00etan, Segurako Alboradak dantzan jarri ditu Plaza Zaharrera gerturatu direnak. 'Ez zagok geldirik egoteko girorik'. Alde batetik bestera mugitzen ari zen Txepe, hotzari aurre egiteko. Beste batzuk herri lanetako langileek banatutako anis tragoekin berotu dute gorputza. 'Urtero etortzen nauk, lo pixka bat egin eta gero, eta anis trago batekin guztiz esnatzen nauk', zioen hutsik egiten ez duen beste batek.
Ordubetez izan dira Txirrita, Garmendia, Azkue aita-semeak eta konpainia, udaletxeko arkupeetan, eta ondoren, kalejira egin dute alde zaharretik barrena: Berdura Plaza, Gorriti Plaza eta Gaztelako Arkua. Txistulariek amaitzerako, txaranga doinuak ziren nagusi. Tolosa, beste behin, inauterietako doinuen erritmora esnatu da. Baita oheratu ere.