Goizean bustita, arratsaldean berotuta

Ataria 2018ko otsailaren 12a

Gaztetxoenek euren eguna izan zuten atzokoa Tolosako inauterien barruan eta eguraldi txarrak baldintzatu zuen aisialdi taldeen ekitaldia. Euren artean «koordinazio falta» egon dela jakinarazi dute lau taldek.

Goizeko lehen orduan ez du eguraldiak batere lagundu Tolosan. Aisialdi taldeek bilera egin dute eta kalera ez ateratzea erabaki dute. «Umeengan pentsatuta» hartu duten erabakia izan dela jakinarazi dute taldeek, gaztetxoak bustita zeudelako, euria ari zuelako eta hotz zegoelako. Bi aisialdi taldek, ordea, Ttenttek eta Kirikiñok, San Frantzisko ibiltokian ikuskizunak eskaini dituzte goizean.

Kazkabarra, Txiribitu, Atsedena eta San Bernardo taldeek jakinarazi dutenez, Ttenttek eta Kirikiñok «ez dute erabakia errespetatu», eta ez diete gainerakoei inongo momentutan jakinarazi aterako zirenik. Gainerako lau aisialdi taldeak ez daude ados atera diren biek hartutako erabakiarekin, «koordinazio falta» egon dela aitortu dute. Bide batez, udalaren jarrera ere salatu dute Kazkabarra, Txiribitu, Atsedena eta San Bernardok, «inor ez zaigulako nola gauden galdetzera etorri». Babes eta informazio falta izan dutela jakinarazi dute taldeek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!