Iurreamendi egoitzako emanaldia noiztik datorren ez dago zehazterik, baina urte mordoa baditu. Inauteri piezak eskaintzen dizkiete musikariek bertan dauden egoiliarrei, askok kalera atera ezin dutenez. Kaldererotako eta Donostiako Danborradako doinuak ere interpretatu izan dituzte saio horretan. Berdura plazan egiten den kontzertua 1971tik dator, CITek Udal Txistulari Bandari eta orduan Udal Musika Banda zenari proposatuta, San Fermin jaien aurretik Iruñean egiten dutenaren eredua jarraituz. Ekitaldi honen helburua piezak partituran dauden bezala interpretatzea da, askotan kaleko txarangek betetzen ez dutena. Kontzertu jendetsuenetakoa izaten da. Tolosako Danborrada modu jarraian 1955ean hasi baldin bazen, segur aski lehen urtetik izango da Banda bertan musika jartzen danborrariei. Eta Zaldunitako Diana izango da dudarik gabe Bandak jotzen urte gehien daraman ekitaldia. Aurreko mendeko 40. hamarkadan galtzear egon bazen ere, gaur egun berrindartuta eta arrakasta handiz jarraitzen du.
Musika Banda ofizialki sortzeko arrazoia Fernando VII.a erregeari eta bere emazte Maria Josefa Amaliari ongietorria egitea izan daiteke, Iñaki Linazasorok Tolosa, herri musikaria liburuan argitzen duenez. 1828ko ekainaren 2an izan ziren Tolosan, Iruñetik Donostiara zihoazela. Afizionatuen Musika Martziala izenez ezagutzen zen orduan Banda eta 18 kide zituen. Horregatik esan daiteke Tolosakoa Euskal Herriko banda zaharrenetakoa dela, Hondarribia (1850) eta Irungoarekin batera, gainontzekoak beranduago sortu baitziren: Bilbo (1867), Eibar (1885), Donostia (1887), Gasteiz (1894), Zumarraga (1894), Iruñea (1919)…
Aurretik ere ba omen ziren musika taldeak Tolosan, baina ez dago zehaztuta erregimentuetako bandak ziren ala ez. Adibidez, 1622an, Loiolako San Inazio kanonizatu zenean, herriko banda kanpoko musikariekin indartu zela, Batzar Nagusiek eta Aldundiak Tolosan antolatu ziren ekitaldietarako.
DANTZALDIAK ZUMARDIAN
Historia luze honetan gorabehera ugari izan ditu. Lehen zuzendaria Mateo Ezpeleta izan zen. Lehen Karlistadaren aurretik bandarako instrumentuak erosteko diru bilketa egin zen herritarren artean. Dozena bat erosi ahal izan zituzten. 1834an Udalaren menpera pasatu zen, Martin Lakarra zuzendari zela. 1845ean Isabel II.a erregea eta bere ama Mª Cristina de Borbon Tolosan izan zirenean jo zuen. 1847an Azkoitiko Andra Mari jaietan izan zen. 1857an udako igande eta jaietako dantzaldiak jotzen hasi zen Zumardian, txistulariekin txandatuz. 1860ean Segurako Batzar Nagusietan izan zen. 1865ean lehen uniformea izan zuen herriko dendarien laguntzari esker, Linazasorok azaltzen duenez.
Bigarren Karlistadan etenaldia izan zuen Bandak. XIX. mende bukaeran Tolosak izan dituen bi musikari eta konposatzaile garrantzitsuenek zuzendu zuten taldea: Felipe Gorritik (1878-85) eta Eduardo Mokoroak (1896-1906). 1886an Tolosako Bandan Donostiako Nazioarteko Alardean parte hartu zuen ohorezko diploma irabaziz. Urte horretan egin zuen Santa Zezilia eguneko lehen bazkaria. 1890an berriz izan zen Donostian eta 1892an Bilboko Banda Lehiaketan. Lehiaketa guzti hauetan Rufo Montilla jaendarra izan zen zuzendaria, inauterietako doinuak liburuxka batean bildu zituen musikaria eta gero Donostiako banda zuzendu zuena.
XX. mende hasieran 34 partaide zituen taldeak eta igande eta jaiero hiruna pieza jo behar zituzten goizean mezaren ondoren eta arratsaldeko bezperen ondoren, garai hauek kenduta: Garizuma, egun euritsuak, abuztua eta Alegia, Ibarra, Irura eta Villabonako jaietan. Bandako instrumentuak ezin zituzten Tolosa eta Ibarratik kanpora erabili musikariek. Handik urte gutxira Garizuman, abuztuan eta inguruko herrietako jaietan herria bandarik gabe ez uztea eskatu zuen udalak. Mende horren hasieran Justizia plazako bizilagunak kexatu egin ziren kontzertuak bertan zirelako eta Trianguloan egitea proposatu zuten. 1901an Alfonso XIII.ak Elosegi txapel fabrika eta La Esperanza paper-fabrika bisitatu zituen eta bandak emanaldia eskaini zuen. 1906an 8.000 biztanleko herri batean hiru banda zeuden: Udalarena, Diapason eta Igarondo. 1907an Donostiako zezen plaza berrian izan zen zekorketa batean, Espainiako erregeak bertan zirela.
ZUZENDARI ETA ESTREINALDI UGARI
1913ko Euskal Jaietan kultur ekitaldi ugari izan ziren Tolosan, tartean Tolosa, Diapason eta Donostiako banden kontzertuak. Garai hartan euskal melodiak jotzeko eskaera luzatu zuen Ixaka Lopez-Mendizabal zinegotziak (1921ean euskal musikaren argitaletxea sortu zuen). 1917ko sanjoanetan Irun, Bergara, Azpeitia, Andoain, Ordizia eta Donostiako Iru Txulo bandak izan ziren jaialdi batean partaide. 1919an banda desegitea erabaki zuen udalak bere egoera egokia ez zelako eta azterketaren bidez plazak berriro ateratzea, 50 partaidetara zabalduz, soldatak igoz eta instrumentu berriak erosiz. Irteera ofizialez gain, astean hiru entsegu eta igandeetan kontzertu bat eman behar zuten eguerdian eta dantzaldia arratsaldean. 1922an zuzendari posturako bost hautagai izan ziren, azterketan zezen plazan Bergarako banda zuzenduz. Feliciano Beobide tolosarra aukeratu zuten. Garai hartan Gipuzkoan 28 udal musika banda zeuden. 1927an 81 obra estreinatu zituen: 48 dantzarako, 24 kontzertuetan eta 9 martxa prozesioetan. Hurrengo urtean 66 partitura berri estreinatu zituzten. Urtean ehun emanaldi inguru zituen. 1928an Inauteri Danborradan parte hartu zuen, Casinok antolatuta.
1936ko gerraren etenaldiaren ondoren, 1944an berregin zen banda, 18 hautagai aurkeztuz zuzendaritzara eta Felipe Bernad aukeratuz. 70. hamarkadan dantzaldiak desagertu egin ziren diskotekak indartu zirelako. Gipuzkoako hainbat herritan jotzen aritu zen urte horietan. Azken urte hauetan abesbatza, txistulari, dultzainari, dantzari eta pailazoekin batera hainbat kontzertu berezi eskaini ditu. Zenbait disko ere grabatu ditu: Macromassa, Inauteriak eta Tolosako pieza bereziak herriaren 750. urteurrenean. Madrilen eta Binefarren (Huescan) jo du, telebista programetan eta konposizio lehiaketa eta banden alardeak antolatu ditu. Azken zuzendariak Jose Antonio Ruiz-Bona (1964-83), Luis Mari Gartzia Artetxe (1983-2012) eta Enrike Arostegi (2012) izan dira.
1995etik ez da Udal Musika Banda, Udalak bultzatuta elkarte bat sortu zelako Tolosako Musika Banda izenarekin. Hala ere lehengo egitaraua eta baldintzak mantentzen ditu udalarekin sinatutako kontratu batean.