Jaiki. Edo jeiki. Itxaropen izpiek bultzatuta, leihotik begiratu. Bai, iragarri zuten bezala, euria ari du. Eta, une batez, azken asteotan egositako poz eta grinek beherako bidea hartzen dute. Baina inauterizaleak beti izaten du adrenalina dosi txiki bat gordeta, eta eskerrak horri: beste behin, aterkiek marraztu dute Dianako argazkia.
Agintari kalean gora egitea kostatu zaio jende-multzoari, haien umoreari baino gehiago, eta aterkiei eraginez iritsi dira Plaza Zaharrera. Horretarako ere balio baitute Tolosako inauteriek; aterkia mozorroan mimetizatzeko. Kolore eta neurri guztietakoak ikusi ahal izan dira, eta guztiek egin diote gorazarre, pijama jantzita kalera ateratzea baimentzen duen egun bakarrari; Zaldunita egunari.
Zaldunita ez delako edozein egun. Ostegun Gizeneko lehertzearen ondoren, bigarrenez inauteriak esnatzen direneko eguna da; norbera izanez norbera ez izateko eguna. Hasiera izanagatik, bukaera gerturatzen ari dela pentsatzeko eguna. Minutu bakoitza irentsi eta dastatzekoa.
Eta, lehen mokadutxoa egitera, urteroko asko bertaratu dira, noski; 08:00etarako hitzordurako mozorro berezia prestatzen duten horiek. Urteroko beste zenbait ere falta izan dira. Eta izango zen estreinakoz jeiki-jeikika esnatu denik ere, Alde Zaharreko zainak txaranga doinuz betetzeko.
"Aspaldiko Diana azkarrena", esan dute, pozik, Tolosako Musika Bandako kideek. Sekula baino lehenago iritsi dira Euskal Herria plazara, eta eguraldiaren ajea eguraldiaren irribarre bilakatu zaien musikariei, aterperatzearen alde.
Aurtengoz isildu dira goiz kantaren soinuak, kafetegiak eta kalea betetzeko. Hemen da itxuraldatzearen paradisua.