‘Ataria’-n ere ezetzak ez du zirrikiturik

Ataria 2018ko otsailaren 10a

‘Tolosaldeko Ataria’-k urte osoan egiten du lan jarrera sexisten aurka eta parekidetasunaren alde; Tolosako inauterietan ere ez du honelako albisterik eman nahi, «ezetz, ez da»

Komunikabideoi ere badagokigu gizarteari mezu zuzenak bidaltzea. Gizarte honek baditu gaitz batzuk, eta horiek salatzea ere bada lana. Parekidetasuna lortzeko ere lan egiten du TOLOSALDEKO ATARIA-k. Aniztasunaren alde. Gizonei eta emakumeei tratu simetrikoa ematen ahalegintzen da, edota hobeto esanda, emakumeen ahotsak biltzen ahalegin berezia egiten du.

Gizartearen ikuspegi integratzailea du, eta giza eskubideen aldeko konpromisoa. Alde horretatik, zorrotz eta erantzukizunez jokatzen du informazioetan bereizkeria eragozteko, eta ez du onartzen diskriminazioa bultzatzen duen jokaerarik, edozein motatakoa dela ere: sexuan oinarritua, etnian, erlijioan, kulturan, sexu aukeran edo bestelako gorabeheretan.

Komunikabideek errealitateari begiratu behar diote, eta horren berri zintzoa eman. Lantegi horretan, traba dira topikoak eta aurrejuzguak: errealitatea interesgarriagoa da estereotipoak baino, eta horretan ahalegintzen da.

 

FESTA GIROAN

Zoritxarrez eguneroko ogia bilakatu da indarkeria sexista. Eraso eta tratu txarrak ez dira onartzen, eta mezu sexistak guztiz gaitzesten dira. Festa giroak berarekin ekarri ohi ditu indarkeria matxista duten jarrerak. Eta denok dugu erantzukizuna. Kuadrillan, lagun artean, bikotean,... honelako jarrerarik ikusi edota bizituz gero, salatzea da bide bakarra.

Joka dezagun zentzuz, disfruta ditzagun inauteriak gogoz, baina guztiaren gainetik, errespetuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!