Eguraldi txarrak ez ditu inauterizaleak festarako atzeratu

Ataria 2018ko otsailaren 9a

Kabi Alai txarangak alaitu du gaur arratsaldeko zezen festa gerturatu ziren umeen gozamenerako; Blai eginda bukatu dute bertaratutakoek, etenik gabe euria bota baitu.

Haur, gazte eta gurasoek harmailak bete dituzte gaur Tolosako zezen plazan, gehienak aterpean eta aterkipean. Lokaztutako hondarrean, berriz, jolasean aritu dira gaztetxoak bertara ateratako zezen eta pottokekin.

Buzoak eta txilabak jantzita, eskuetan aterkia hartu eta Kabi Alai txarangak jarritako erritmoa jarraitu dute inauterizaleek, Ostiral Mehea oharkabean pasa behar ez den eguna ere badela demostratuz. Etorkizuna badu festak, gazteek inauteriekiko duten zaletasuna ikusita. Etxean geratzeko moduko eguraldia egin arren, erruz gerturatu baita jendea Tolosako zezen plazara 16:30 ingururako. Ohikoa baino beranduago hasi da ekitaldia.

Zezen eta pottoken aurretik bezainbeste egin dute salto plazan sortutako putzuen gainetik. Hala ere, ez da umorerik falta izan eta hotzari aurre eginez umore onez osatu dute arratsaldeko festa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!