Amaia Fernandez Elola inauterizale tolosarra
Txikitatik bizi eta sentitzen ditu Inauteriak Amaia Fernandez tolosarrak. Diana eta Ostegun Gizena aukeratzen ditu festetako une ederrenak bezela.
Txikitatik zara inauterizale?
Hala da. Betidanik familian eta lagunartean ospatu izan ditugu. Barruan sartuta ditugun festak dira.
Lehen oroitzapenak?
Familian, Dianan aurrera eta atzera dut buruan. Ero Etxeko txarangan ere asko bizitu izan dugu, aita elkartekoa zelako.
Dianan geroz eta jende gehiago ateratzen da. Zuk jarraitzen al duzu irteten?
Bai. Nahiz eta eguraldi txarra egin ez dugu hutsik egiten. Jende asko ari da animatzen azken urteetan, eta hori poztekoa da. Bi mugarri izaten dira; bata Ostegun Gizena festen hasiera, eta egun handia izaten da. Bestea, Dianaren unea, zortziak iritsiko zain egoten gara, Zaldunitari ekiteko.
Txarangen giroa ere ederki ezagutzen duzu.
Ni ez naiz musikaria, baina Ero Etxe txarangan musikari ez garenok irteteko aukera izaten dugu, eta horrela modu batean txaranga barrutik zer den bizitzeko modua izaten da. Txarangena, zalantzarik gabe Inauterien beste zutabe bat da.
Aldez aurretik prestatzen duzu guztia, edo azken unean?
Astebete edo egun gutxi geratzen direnean, gorputzean urduritasuna somatzen hasten denean hasten naiz. Mozorroetako ideiak Gabonen bueltan hasten gara lagunekin-eta hitz egiten, baina, prestaketak egun gutxi falta direnean egiten ditugu. Pentsa, askotan Zaldunita bezperan josten edo mozorroari azken ukituak ematen egoten gara.
Aurtengo mozorroak?
Zaldunitan kirol desberdinetako trofeoz, eta astelenitan Frantziako Tourra irudikatuko dugu, batzuk txirrindulariz eta besteak zaleez.
Taldean, koadrilan irteten zara, beraz.
Zaldunitan eta Astelenitan koadrilan, eta Asteartitan familian.
Bereziki gogoratzen duzun mozorrorik?
Pila bat esango nituzke, urtero mozorrotzen garen horrekin ederki pasatzen baitugu. Dena den, aukeratzekotan, urte batean behi bat egin genuen koadrilan, eta errapeetatik esnea eman ordez, garagardoa ematen zuen. Jende guztia gonbidatzen joan ginen San Frantzisko kalean zehar, eta jendeak errapeari ematen zion. Primeran pasa genuen! Traineruz edota armiarmaz atera ginenekoak ere gogoratzen ditut.
Tolosarren etxeko ganberak Inauterietako museo txiki modukoak dira.
Bai, hala da. Gero, agian, mozorro osorik ez da izango, zatika ditugu, baina, elkarren artean nahastuz osatu dezakegu beste mozorroren bat. Lau trapu hartu eta edozein mozorro sortzeko gai baikara!
Txilaba?
Azken urteetan galduta dudan ohitura da, eta pena ematen dit gustatzen zaidalako. Sustatu beharko genuke, berriro ere indartzeko.
Une asko aipatu dituzu Inauterietatik gustatzen zaizkizunak, baina aldatu edo kenduko zenukeen zerbait esan beharko bazenu?
Azken urteetan bereziki famili giroa izaten dugu, haurrekin-eta. Astelenita arratsaldean zezen plazara gerturatzean, han botiltzarrarekin izaten den giroarekin esperientzia txarren bat izanda gaude. Karrozen musikari dagokionez, zarata handiegia ez sortzeko eta guztiena ondo entzuteko zerbait egin beharko litzateke, neurriak hartu, bestela ez da ezer entzuten.
MOTZEAN
Egun bat? Ostegun Gizena
Une bat? Dianaren hasiera.
Txarangako doinu bat? Baila negra
Inauterietan jai? Bai, Ostegun Gizenetik Asteartita bitarte jai daukat