Badatozela ez, hemen direla! 365 egun zain eta jada hemen da esperotako Ostegun Gizena, inauteriei hasiera emango diena.
Txilaba janzteko eguna eta TOLOSALDEKO ATARIA-k ez du hutsik egingo aurtengoan ere. Egunero bezala, gaur ere, festaren muinean izango da euskarazko komunikabidea, gertatzen den guztia Atarikideei egunez egun etxeraino eramaten.
Gaurkoan festari hasiera emanez Plaza Zaharrean izango dira ATARIA-ko kazetariak, 28 Kanalarekin elkarlanean txupinazoa zuzen-zuzenean eskaintzen ataria.eus eta ATARIA IRRATIA-n. Itzea Urkizuk, Oinatz Martinezek eta Imanol Garcia Landak izango dute festaren eztanda ikus-entzuleei gerturatzeko ardura.
6 EGUN, PRENTSA EGUNERO
Inauterien koloreek jantziko dute ATARIA egunkaria egunero. Izan ere, tirada bereziak izango dira datozen egunetan ostiral, larunbat, igande eta astelehenean ere egunkaria jasoko baitute Atarikideek, orri guztiak koloretan, gainera. Hauster egunean, egunkaria, denbora gehiagorekin hartu eta inauteriek emandakoari errepasoa egiteko, irudiz jositako 16 orriko paperekoa kaleratuko du ATARIA-k.
Egunez eguneko jarraipena izango du ataria.eus-ek, ekitaldiak gertatu bezain pronto, kaleko giroa jaso bezain pronto, argazki galeriak eta bideoak ez dira faltako interneteko atarian. Egunekoaz gain, begirada iraganean jarri eta aurreko asteotan gertatu bezala, historia erreportaje eta elkarrizketak ere izango ditu irakurgai Atarikideak.
IRRATI LEHIA, KALERA
Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan Iñigo Terradillos eta Asier Imaz izango dira San Frantzisko kaleko eszenatokian, oinezko guztien aurrean irratia zuzenean eskaintzen. Kaleko kontakizuna egiteaz gain, herritarrekin jolasten, lehian ariko dira esatariak, sariak tartean direla. Gozatzeko moduko inauteriak hemen dira!