Urtez urte aldatzen eta irauten duten tradiziozko festak

Ataria 2018ko ots. 8a, 10:00

Debeku guztien gainetik bere bidea egin dute Tolosako inauteriek; horri eskerrak, gaur egun Euskal Herri osoan sona handia duen festa ezaguna da.

«Herri honetako udalak jakinarazten du, atzoko saioan adostu zela inauteri igandean horrenbeste konfeti botatzearen debekua; eta inauterietako hiru egunetan entretenimendu hori baimentzen bada ere, kolore bakarreko konfetiak erabiliko dira eta debekatuta gelditzen da lurretik jasotzea berriro jendartera botatzeko». 1901. urtean Tolosako Udalak ateratako bandoa da.

Italierazko confetti hitzari egiten dio erreferentzia. Garai batean, ezkontzetako opari gisa, almendraz eta azukrez egindako gozokiak izendatzeko erabiltzen zen hitza. Gerora, ezteietan, kirol ekitaldietan, Urtezahar gaueko ospakizunetan, eta batez ere, inauterietan erabili izan dira. Konfetiarena bezala, beste debeku askori egin behar izan die aurre Tolosako inauteriek.

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ostean, hurrengo urteko urtarrilaren 8an, 1937ko inauteriak antolatzeko batzordea izendatu zen. Zinegotzietako batzuk, inauteriak bertan behera geratzearen alde azaldu ziren eta eztabaida baten ostean, egindako bi bozketetan berdinketa gertatu zen: zazpi zazpiren kontra. Batzarreko lehendakariaren aldeko botoari esker inauteriak ospatzearen alde agertu zen Tolosako Udala. Jakinaren gainean jarri zutenean, Gipuzkoako gobernadore zibilak erabakia bertan behera uzteko eskatu zion udalari, udalbatza kargugabetuko zuenaren mehatxupean. Azkenean, berriz ere bildu eta korporazioak urtarrilaren 8ko akordioa baliogabetzea erabaki zuen hilaren 23an.

Handik gutxira, otsailaren 7an ospatu zen Zaldunita eguna. Modu ofizialean ez bazen ere, zailtasunen gainetik, jendeak jarraitu zuen inauteriak ospatzen. Aurrena disimuluan, udalak ezikusiarena egiten zuela eta gerra amaituta indar handiagoarekin, 1940tik aurrera.

HIRIBURU IZAN ZENEKOA

Liberal moderatuek horrela erabakita, Tolosa Gipuzkoako hiriburu izendatu zuten 1844an. Urte hartan inauteriak bereziak izan ziren, politikoki une horrek zuen garrantziaren erakusgarri. Udaletxeko eraikinean bi dantzaldi antolatu ziren eta bildutako dirua Miserikordira bideratu zen. 1844. urteko Zaldunita, Astelenita eta Asteartita egunetan, hiru sokamuturra antolatu zituzten.

1908. urtera arte, zezen festak plaza Berrian egiten ziren, harik eta urte hartan Emilio Santos alkateak bando bidez debekua jarri zuen arte. Udaleko arkitektoak jakinarazi zuenez, plaza horretako balkoiak jendez lepo egoten ziren eta segurtasun falta nabarmena zen. Horregatik erabaki zuen alkateak, dekretuz, ikuskizuna zezen plazara aldatzea.

Aipatu bezala, gerra zibilaren ondotik ezarritako debeku horiei aurre egiteko, inauteriei Udaberri jaiak izena jarri zieten 1943. urtetik aurrera. Izen horrekin mantendu ziren 1965era arte. Tarte horretan, gaur egun sona handia duen Diana ere galtzeko zorian egon zen. Paquito Alustiza zinegotzia izan zen berriz ere ekitaldia egiteko baimena eman zuena eta Javier Bello Portu eta beste hainbat lagun, musikarien bila etxez etxe joan eta Diana egitea lortu zuten 1946an. Handik urte gutxira indartzen joan zen, gaur egun ezagutzen dugun bezala izatera iritsi arte.

60ko hamarkadan hasi zen Tolosako Ekinbide Etxea (CIT) inauterien antolaketan parte hartzen. 1969an kaleratu zuen lehenengo aldiz jai egitaraua. 1989. urtera bitartean mantendu zen formatu berdinarekin.

ERREPERTORIO ZABALA

Inauterietako doinu asko kanpotik ekarritakoak dira. Tartean bat, Polka, Straussena da. Galtzaundi pieza berriz, Jose Rogelen El último figurín obrako zati bat da. Elkarteetako doinuak berriz, bertako konposatzailearenak dira gehienak. Juan Colmenerok egin zituen asko Danborrada, Arco Iris, Veleta..., eta beste egile asko ere aipa daitezke: Eustaquio Garate, Jose Tarragona, Ignacio Mokoroa, Antxon de Pedro, Justo Saizar, Ignacio Bereziartua, Jose Maria Molina, Guillermo Lizaso, Markos Zubeldia, Florentino Peñafiel, Tomas Arnal, Luis Angel Tarragona eta Jose Luis Ancin.

Estanislao Urruzola Uxola idazle eta inauterizalearenak dira, besteak beste, inauterietako pieza askoren hitzak: Diana, Polka, habanerak, Isabelita, Iriyarena... Harenak dira, baita ere, Euzko gudariak kantuak daramatzan hitzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!