Inauterizaleak galdu ezin dituen hitzorduen gida

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 7a, 20:21

Urtero bide-orri bera jarraitzen dute Tolosako inauteriek, baina, ostegunetik asteartera, asko dira inon idatzi gabeko hitzordu kuttunak; inauterizalearentzat, galdu ezinezkoak.

Eskema beraren muga hertsietan kaosa sartzea dira inauteriak. Urtero berdin eta urtero desberdin. Baina, txupinazo, Diana, jaitsiera eta alboradatik aparte, eta, inauterien arautegi ofizialean idatzi gabe egonagatik, badira galdu ezinezko hitzorduak.

Batzuk izan daitezke pertsonalagoak; izango da, akaso, bikotearekin Pello ziri-ziri lehenengoz dantzatu zuenekoa memorian iltzatuta duen inauterizalerik. Beste batzuk, aldiz, kolektiboak dira eta, momentu kuttun horietan parte hartzea, Tolosako inauterien bihotzeraino bidaiatzea da.

0- Errege bezpera, dena hasten den gaua.

Gabonak eta inauteriak lotu nahi izatea ura eta olioa nahastearen pareko izango da askorentzat, baina errealitateak bestelako kolore bat du Tolosan: urtarrilaren 5eko gauak erabakitzen du, atzera-kontu guztiak zilegi direla egun horretatik aurrera. Inauteriak goiztiar diren kasuetan, urtarrilaren 5a inauteriekin lotzeak izan lezake zentzu pittin bat. Eta bestela ere bai, urtarrilaren 5ean, tabernak ixteko ordua iristen denean, txaranga doinuek hartzen ohi baitituzte tabernetako bozgorailuak. Zalantzarik ez da: hori ere inauteria da.

1-  Munduaren erritmoa 12 orduz aurreratu nahi dutenak.

Egitarauak aurkakoa dion arren, Tolosako inauterietako txupinazoa ez da ostegun eguerdian botatzen; ez, behintzat, txupinazo bakarra. Vista Alegre txarangak 28 urte bete ditu, aurten, asteazkenetik ostegunerako gauari inauteri suziriak oparituz. Ikaskideen arteko ideia zoro bat izanez hasi zenak, gero eta jende gehiago elkartzen du Trianguloa plazan eta, zalantzarik gabe, inauterizale fin izateko ezagutu beharreko hitzordua da.

2- Vivaldiren udaberri amateurra.

Txarangen herria omen da Tolosa. Hala da, Tolosan, inauterietatik kanpoko edozein ospakizunen neurrikoa delako txaranga bat. Hala da, haur batzuen ametsa noizbait txaranga batean parte hartzea delako; eta bat baino gehiago direlako, goi-mailako txarangak. Ostegun Gizena, ordea, txaranga amateurren udaberria izaten da; Vivaldirena edo norberarena, aukeran. Elkarte bakoitzak bere taldetxoa osatu, eta Alde Zaharra kalejiren lapiko bilakatzen da, inauteriz eta irribarrez bor-borka. Inauterietako une magikoetako bat.

3- Saldak eta trakak.

Osteguneko lehertzearen ondoren, Zaldunita egunarekin hasi ohi dira, berriro, festaren egun gorenak. Dianak goizeko zortzietan iragartzen du mozorro egunen hasiera, eta milaka tolosarrek salto egiten dute, pijama soinean. Hitzordua bere horretan berezia izanda ere, Dianan bertan badira hitzorduen barruko hitzorduak: zein mozorro aukeratuko ote duten kalejirako lehen ilarako hiru emakumeek; salda banatzaileek salda postuari zein itxura emango ote dioten, edo Berdura plazan petardoak pizten dituztenek iaz baino soinu handiagoa aterako ote duten edo ez.

4- Pasodoble tolosarra.

Aulki baten gainean hasitakoak altuera handixeagoa hartu du, eta gaur egun balkoi batetik jotzen du, Rafa Mendibilek, Zaldunita gaueko Paquito el chocolatero. Konpartsako ibilbidea bertan bukatzen zutela-eta, Korreo kalean lagun artean hasi zuten ohitura eta, gaur egun, jendetza izaten du, bere tronpeta doinuen zain.

5- Paperezko euria.

Inauterietako momentu kuttunen zein deserosoen artean sar liteke honakoa, zezen plazako kokalekuaren arabera. Mozorro eta parodia zenbaitetarako ere eman du ohiturak eta, aurten ere, Astelenitan zain izango dira zezen plazako inauterizaleak, Ero Etxeko txarangakoek konfeti kiloak noiz botako. Argazki zoragarriak uzten dituen unea da, dudarik gabe, baina urtebetean konfetiak gainetik kendu ezinik ibiltzekoa ere bai.

6- Musika jaialdi bat mozorrotuta.

Karroza eta konpartsa batzuek antzerkia egiten dute, eta gehienek dantza. Badira, ordea, inauterietako musikari musika gehiago oparitu nahi izaten diotenak. Hartu ta Sartu´s bandakoen kasua da. Astelenita iluntzea gorriz markatzen dute jada inauterizale askok, Raku atarian nahiz 19-90 tabernako terrazan, musika jaialdi bat zuzenean ikusteko, inauteri giroz. Ezagun egin dituzte, honezkero, Pin-pin, pin-pin, pintxanatarrak gu gera bertsioa, eta kontzertu interaktiboak sortzeko gaitasuna. Aurten ere prest dira, eta ez dute hutsik egingo; ezta urteroko zaleek ere, noski.

7- Bizi-erritmoen talka.

Tolosako inauterietako egitarauak urtero izaten du, txoko bana, Alboradarentzat eta Pattar zezenarentzat. Asteartitan, 06:00etan bata eta 08:00etan bestea, hitzorduetan hitzordu dira, inauterietako momentu kuttunen zerrendan. Ordea, are kuttunagoa izan liteke, beharbada, inauterietako bizi-erritmoek talka egiten duteneko bi une horien arteko zubia. 07:30ak, udaletxe arkupearen epela besterik ez. Gaua tragoz trago edanda asko, eta eguna irensteko fresko, beste zenbait. Txistulariek utzi dute plaza, Alboradarekin jarraitzeko eta, bat-batean, Santa Maria plazatik, iturri bat irekitzen dute, txarangak zorrotadaka atera daitezen. Egin dezake elurra edo egon daiteke zerua garbi, eta giroa hotz. Baina pattar zezenetarako igoera, igoeretan ederrena da.

8- Gutxiago, hurrengoetarako.

Parrandarik tolosarrena omen; herrikoentzako diseinaturiko gau horietako bat. Tolosan erroldatuta egotea nahitaezkoa ez denez, momentuz, Asteartita gauez ondo pasatzeko, nahikoa da inauteriak azken mokaduraino dastatzeko gogoa sentitzea eta, jada hausterre eguna izanda ere, bost eguneko oasia luzatu nahi izatea. Halaxe egiten du, kuadrilla batek, tabernak itxitakoan Riau-riau iruindarra abestuz. Beste batzuk, berriz, nahiago izaten dute inauterizaletasuna izoztu, eta 09:00etan egiten dute hitzordua, Richard argazki denda parean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!