Otsailaren 12a bitarte eman daiteke izena Bandres-Karolo Memorialean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 6a, 09:01

Bandres-Karolo Memoriala mendiko eski probaren zazpigarren edizioa jokatuko da hilaren 17 eta 18an, Erronkariko eta Belaguako mendietan

Bandres-Karolo Memoriala probak Antxon Bandres tolosarrari eta Carlos Imirizaldu Karolori zor dio izena. «Bandresen eta Karoloren ametsa zen Belagua inguruan horrelako proba bat egitea, eta ametsa bete da», esan zuen aurkezpenean proba antolatzen aritzen den boluntarioetako batek, Ramon Olasagastik. Izan ere, Bandres-Karolo Memoriala Noaingo mendi taldeak antolatzen badu ere, boluntario askoren laguntza izaten dutela esan zuen Olasagastik, horietako asko Tolosaldekoak.

Mendiko eskiaren festa bat bezala aurkeztu zuten proba eta otsailaren 17 eta 18an egingo dute Erronkariko eta Belagua aldeko mendietan. Lehen egunean, larunbatean, lineako proba egingo dute. Ibilbidea, beti bezala, uneko baldintzen arabera erabakiko dute, baina bi aukera egongo dira: 1.750 metro inguruko desnibel positiboa duena, eta 1.050 metro inguruko desnibel positiboa duena. Igandean izango da kronoigoera, hain zuzen, Euskal Mendizale Federazioak erabakita, Euskal Herriko Mendiko Eskiko Txapelketa ere izango dena. Erlojuaren aurkako igoerako ibilbidea ere elurraren baldintzaren arabera erabakiko dute.

Mintxo Astiz Noaingo mendi taldeko kidea ere gerturatu zen Tolosara, aurkezpenera, eta proba honekin «mendiko eskia Euskal Herrian egiteko aukera ere badagoela» frogatu nahi dutela esan zuen. «Mendiko eskia maite dutenei proba egitera gerturatzera animatu nahi diegu».

SARIA

Lehiaz gain, festa giroan murgiltzen dira asteburu horretan Izaban, eta horren barruan sari bat ere ematen dute urtero. Aurten lehen aldiz emakume bati emango diote; Izaskun Zubizarretari. «Euskal Herriko mendiko eskiko taldean bigarren belaunaldiko kidea izan zen Zubizarreta. Euskal Herrian, Espainian eta mundu mailan emaitza bikainak lortu zituen», esan zuen Ipe Lizarraga antolatzaileak.

Era berean, orain arte bezala, Noaingo mendi taldeak eta Izabako kirol elkarteak elkarlanean jarraituko dute eta Bandres-Karolo mendiko eskiko eta Camille Extreme korrikako proben sailkapen konbinatua egingo dute. Bi probak izaten dira Izaban eta bietan parte hartzen duten pertsonak saritu nahi dituzte horrela. «Guztiek opari bat jasoko dute, eta sailkapen konbinatuko irabazleek oso sari berezia irabaziko dute», argitu zuen Lizarragak.

EGITARAUA

Otsailak 16, ostirala

18:00. Dortsal banaketa Isaba hotelean.
20:00. Hitzaldi teknikoa ibilbidearen xehetasunak azaltzeko.

Otsailak 17, larunbata

09:00. Lasterketaren hasiera.
13:30. Luntxa frontoian.
17:30. Bilera teknikoa igandeko ibilbidearen azalpenak emateko. Ondoren, Pintxi Eguilor mendizale nafarrak Entre los Pirineos y el Himalaya hitzaldia eskainiko du. Bandres-Karolo Saria ere banatuko dute.
19:30. Triki-poteoa.

Otsailak 18, igandea

09:30. Kronoigoeraren irteera.
13:00. Sari banaketa frontoian.
13:30. Kurruskla kultur elkarteak urtero egiten duen miga jatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!