Inauterietan ez du inoiz hutsik egin. Herrian geratu izan da, baina ez parrandarako, lanerako baizik. Ostalaria da Xabier Izagirre Gorostegi (Tolosa, 1958) eta barraren atzealdean biziko ditu aurtengo festak. Musika, bere tabernaren atarian aldiro-aldiro geratuko diren txarangek jarriko dute.
Betidanik izan zara inauterizalea?
Nik beti lana egin izan dut. Politak dira bai festa hauek, baina niri beti inauteri garaian ostalaritzan aritzea egokitu zait. Xirimirin 26 urte daramatzat eta lehenagotik ere arlo honetan aritzen nintzenez beti lanean tokatu zaizkit. Zeru-Txiki tabernan ibiltzen nintzen eta bazkariak eta afariak ematen genituen. Mugimendu asko izaten zen inauterietan. Deskantsatzeko denborarik ez zegoen eta disfrutatzeko are gutxiago.
Familiatik al datorkizu inauteri zaletasuna?
Nire etxean, gurasoak ez ziren bereziki inauterizaleak. Gero anaiak-eta bai, atera izan dira. Nik, nagusiki, lagunekin bizi izan ditut festak. Baina 14 urte arte izan zen hori, berehala mostradore atzean lanean hasi nintzelako.
Asko aldatu al dira inauteriak zure gazte garaietatik?
Bai, diferentzia handia egin dute. Jendea lehen elkarteetan eta karrozak prestatzen lan egiten zuen. Zeinek hobea atera, saria zeinek irabaziko, aritzen ziren kuadrillak. Orain, berriz, gazte jendeak musika eta parrandarekin lotzen du gehienbat festa.
Zein izan da zure egitekoa mostradore atzean?
Batez ere otorduak zerbitzatu. Guk lan asko egiten genuen jatetxean. Orduan, afariak eta bazkariak egiten ziren elkarteetan eta guk eramaten genuen jatekoa. Zeru-Txiki alde zaharrean zegoenez, guri tokatzen zitzaigun afari haiek zerbitzatzea.
Parrandarako aukera gutxi izaten zenuten, ezta?
Lan asko, baina parranda oso gutxi. Azkeneko egunean, edo behin inauteriak pasa eta gero elkartzen ginen afaltzeko eta parrandaren bat botatzeko. Baina festak bukatu ondoren izaten zen gehienetan.
Mozorrotu al zara inoiz lantokian?
Lanean aritzeko oso gutxitan mozorrotu izan naiz. Eta bestela ere, ez askotan. Gauean atera izan naizen batean bai, baina bestela ez dut ohiturarik izan. Anaiari trajea kenduta, pailazoz atera nintzeneko bat gogoan dut, adibidez.
Orain nola bizi dituzu inauteriak?
Hemendik karrozaren bat pasatzen bada ikusten dut, baina gehienbat txarangekin bizi ditut inauteriak. Denak pasatzen dira hemendik eta gelditu egiten dira kafetegiaren atarian. Pieza bat jotzen dute eta hori niretzako gauza handia da.
Txarangazalea zara.
Bai. Oso zalea gainera. Dianaren ondoren, adibidez, hona etortzen dira eta bandakoei moskateltxo bat ematen diegu festarekin segitu aurretik.
Piezaren bat bereziki gustuko duzu?
Kuttunak denak ditut. Gainera ikusita txaranga guztiak etorri eta atarian gelditzen direla poz berezia ematen du horrek. Bakoitzak bere pieza jotzen du eta denak gustatzen zaizkit. Kafetegian, ostegun gizenean, hamabietatik aurrera txarangaren musika jartzen dugu eta inauteri guztietan mantentzen dugu. Gauetan, pixka bat aldatzen dugu musika, giroz kanbiatzeko.
Bezeroak asko aldatzen al zaizkizue inauterietan?
Bai, beti aldatzen dira. Beste gorputz batekin etortzen da jendea, parrandarako gogo gehiagorekin. Guk zintak eta apaingarriak zintzilikatzen ditugu taberna barruan giro hori sortu dadin. Gainera, Errementari kalean merkatari guztiak elkartzen gara kalea inauterietarako propio apaintzeko.
Kanpoko jende asko sumatzen al duzu inauterietan?
Gure bezeroetako asko tolosarrak dira baina kanpotik etorritako jendea ere ibiltzen da. Donostialdetik eta Bizkaiatik ere etortzen zaizkigu. Lehen garai batean, jende gehiago etortzen zen kanpotarra, baina orain bazter guztietan inauteriak daudenez, gutxixeago sumatzen da. Gehienbat igandean eta astelehen gauean etortzen da jendea.
Eguraldiak ba al du zerikusirik?
Bai. Eguraldi ona baldin bada igandean jende asko etortzen da. Guri komeni izaten zaigu, mugimendu gehiena orduan izaten baita.
Gomendiorik bai gerturatzen den jendearentzat?
Elkarri errespetua izan diezaiotela. Inauterietan denak gaude: bai barraren alde batekoak zein bestekoak. Normalean ondo joaten dira kontuak, guk istilu handirik ez dugu izan inoiz.
Momenturen bat bereziki gustuko duzu?
Denak berdintsuak dira niretzako. Ordu asko ematen ditugu hemen lanean eta jaiak noiz bukatuko zain egoten gara deskantsatu ahal izateko. Asteartitan azkeneko txaranga etortzerako goizeko ordu batak izaten dira eta hura bidali arte ezin bukatu.