05:00etatik, zezen plazako sarreren zain

Ataria 2018ko otsailaren 5a

Inauterietako zezen-festetako sarreren %25a gaur jarri dute salgai, Leidorren. Goiztiarrenak 11 ordu eman ditu ilaran.

13 minutuan agortu ziren, joan den astelehenean, internet bidez saldutako sarreren %70a. Gaur beste %25a jarri dute salgai, eta Ostegun Gizenekoak eta Astelenitakoak amaitu dira. Oraindik Zaldunita eta Asteartita egunerako gutxi batzuk geratzen dira.

Goizean goizetik izan da jendea ilaran. Anoetarra zen ilarako lehena, eta lanetik jai hartuta, 05:00ak aldera azaldu da Leidor Aretoko leihatilara. "Azken zortzi urtetatik zazpitan lehena izan naiz ilaran, eta bestean, bigarren", azaldu du.

Internet bidez ere egin zuen saiakera, baina ez zuen sarrerarik eskuratzea lortu: "Garai hauetan sarrera batzuengatik horrela ibiltzea ez da normala. Tortura bat da. Baina umeengatik egiten dut, batik bat, gustura joaten direlako. Urtero joan izan gara", dio.

16:00etan zabaldu dute leihatila, eta segituan agortu dira Ostegun Gizenekoak eta Astelenitakoak. Bihar ere zabalduko dute leihatila, 16:00etan, sarrerak agortu arte.

Sarrerak eskuratzeko beste azken aukera bat izango da. Sarreren %5 zezen plazako leihatilan izango da salgai, ikuskizun egunetan, egunero, 15:00etatik aurrera, agortu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!