«Tolosako inauteriek ondo pasatzeko behar den guztia daukate»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 3a, 11:57

Inauterizalea da Ainhoa Landa (Tolosa, 1992), eta inauterizale guztien sindromeaz ekiten die jaiei: txarangen diskoak behin eta berriro entzunez. Mozorroa azken unean osatuko duela badaki, baina berdin dio, mozorroa bizitzea da garrantzitsuena, beretzat.

Zein da inauteriez daukazun lehenengo oroitzapena?

Ez da lehenengo oroitzapena izango beharbada, baina gogoan dut, txikitan, gurasoekin eskiatzera joaten ginela, eta 8 urterekin-edo, sekulako kasketak harrapatzen nituela, inauterietan Tolosan geratu nahi nuelako.

Zer edo zerk tira egiten zizun, beraz.

Bai, bai.

Orduz geroztik aldatu al zaizu inauteriak bizitzeko modua?

Bai, inauteriak bizitzeko modua bai. Txikitan, gurasoekin, beren planera moldatzen zara eta, orain, lagunekin ateratzen naiz, konpartsan edo kuadrillan.

Zure ospatzeko moduarekin batera, inauteriak ere aldatu al dira?

Bai, hala uste dut. Garaiak aldatu egin dira, eta esango nuke inauteriak moldatu egin direla garai berrietara.

Badatoz txupinazoa eta mozorrotzeko egunak, nahiko goiztiar, gainera. Gogotsu al zaude?

Bai, gogotsu nago. Hala ere, Gabonak gertuegi somatzen ditut oraindik, eta ez zait iruditzen inauteriak gainean ditugunik.

Presaka ibiltzen den horietakoa izaten zara, ala aurten zabiltza horrela, bereziki goiz iritsi direlako?

Ez, normalean presaka ibiltzen naiz, azken orduan. Eta, aurten, bereziki, ere bai [barreak].

Inauterietan, zein rol hartzea duzu gustuko? Jendeari barrea eragitea, taldeak ibiltzea, egun bakoitzean rol bat izatea,...

Konpartsan kuadrillakoekin atera eta guk geuk ondo pasatzea dut gustukoen. Baina, kanpokoei barrea eragiten baldin badiogu, askoz ere hobe!

Etxean jaso al duzu grina inauterizale hori?

Nik uste dut aitarengandik datorkidala, bera tolosarra ez izan arren. Beti gustatu izan zaizkio inauteriak, eta hortik datorkit inauterizaletasun hori.

Askotan, transmisio hori musikaren bidetik gertatzen da. Txarangen diskoak inauterien aurretik entzuten dituzten horietakoa al zara?

[Barreak] Eh...bai.

Aurten, hasi zara dagoeneko?

Bai, bai, noski. Joan den igandean mendira joan ginen, eta kuadrillako batek kotxean txaranga baten diskoa jartzerik ba ote zuen galdetu zigun. Noski baietz! Hantxe joan ginen, Tolosatik Lekunberriraino, txaranga entzun eta entzun.

Eta, baduzu abesti kuttunik edo bereziki hunkitzen zaituenik?

Egia esan, abesti kuttun bat baino gehiago ditut. Baina, bat esan beharko banu, Troika aipatuko nuke beharbada; hunkigarria iruditzen zait.

Abestiez gain, inauterietan badira momentutxo hunkigarri zenbait. Horietakoren batean parte hartzea gustuko izaten al duzu?

Ez dut parte hartzen, baina oso-oso gustura joaten naiz, Astelenitan, Hartu ta Sartu´s Bandek eskaintzen duen kontzertura. Oso ondo pasatzen dut, eta momentu polita izaten da.

Azken urteotan karrozen zarata eta masifikazioa polemika bilakatu izan da inauterien inguruan. Iritzirik edo konponbiderik ba al duzu buruan?

Konponbiderik ez, ziur. Lehen esan bezala, inauteriak garai berrietara moldatu dira, eta ni neu ere atera izan naiz modu horretan, gazteagotan. Adin kontuak ere badirela iruditzen zait.

Inuterizale bati elkarrizketa da honakoa, baina, inauterizale izanda ere, zerbait falta al zaie Tolosako inauteriei?

Ez, ez, ezer ez. Tolosako inauteriek ondo pasatzeko behar den guztia badaukatela uste dut.

Ondo pasatzeko, zer duzu nahiago, eguna, gaua ala, ahal dela, biak?

Galdera ona... Ez dakit, ahal bada bietan ateratzea gustatzen zait, baina, egunez ateratzea aukeratuko nuke. Egunean zehar gertatzen dena inauteriago da.

Lanean, jai egunik eman al dizute?

Bai, bai. Aurten, ostiralean, astelehenean eta asteartean izango dut jai, eta oso pozik nago.

Tolosar inauterizaleentzat hori izaten da buruko min handienetakoa, ezta?

Zalantzarik gabe. Ni abenduaz geroztik aritu naiz buruari bueltaka, nagusiari jai egunak nola eskatu pentsatzen. Ez nekien eskatutakoa emango zidan, baina, azkenean, zorte handiz, ulertu nau eta jai izango dut.

Txilaba zalea zara, ala nahiago duzu soinean mozorroak bakarrik jantzi?

Orain, normalean, txilaba janzten dut eta, egia esan, gazteagotan buzo laranja ere janzten genuen. Baina, azken urteotan, badirudi txilaba gehiago janzten duela jendeak.

Mozorroaren nondik norakorik ez duzu aurreratuko, ezta?

Ez, ez, ez [barreak]. Prestaketetan ari gara, aurten ere behar baino beranduago, baina, poliki-poliki, buruan genuen ideia ari da forma hartzen.

Inauterietan mirari txikiak gertatzen dira, ezta? Ezer ez izatetik, bat-batean mozorroa osatu egiten da.

Bai. Eta, askotan, mozorroak ez dizu ezer esaten, baina, behin soinean jantzitakoan, paperean sartu eta mozorroa zoragarria iruditzen zaizu.

Hori da, gakoa? Mozorroa bizitzeko modua?

Bai, erabat.

Eta, mozorroak osatzeko orduan, denda txinarretara jotzen dutenetakoa zara, ala nahiago duzu ganbaran miatu?

Normalean etxean edo ganbaran begiratzen dut lehenengo, baina, egia da, azken unean, denda txinatarrak hor izaten direla beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!