Ez baita gauza handirik behar gure egiak ezkutatu eta benetan biluzteko. Mozorrotu baino, biluzi esango nuke, aukera ezin hobea baita sarritan nork bere benetako «ni» hori erakusteko.
Estresak eta penak atzean utzi, txaranga topatu, eta nor ez da ba saltoka jartzen pozarren gerokoan pentsatu gabe,... Desestresatzeko botika aparta dira inauteriak, tolosar zein bizilagun orok hartu beharko lukeen edabe magikoa. Magia baita Inauteria, magikoa ere jendearen poza.
Zer dago Tolosan berezi inauterietan? Ezer ez eta dena. Oso litekeena da bertan egonik erantzuteko aukera izatea. Hitz bakar batez zein hitz aspertuz, zaila da benetan egunok, atarian ditugunok zer dakarten esatea. Errazagoa izango da baina, zer daramaten adieraztea: lanaz lepo daudenen egonezina, pena, tristura, lotsa,... horiek guztiak eramaten ditu inauteriak bere etorrerarekin eta kontrakoak ekarri.
Egin dezagun beste behin Tolosa inauterietarako plazarik ederrena, errespetutik eta errespetuz guztiok goza dezagun. Izan daitezela gogoangarriak, dibertigarriak, barregarriak.
Datorrela ongi pasatu nahi duena eta murgildu tolosar ororekin. Edabe magikoa baita, eman eta zabaldu!
Badatoz!!! Segi bixkor!