Urdiña Txikik ere, 75 urte

Ataria 2018ko ots. 3a, 11:11

Umorea galtzen ez duen beste elkarte bat da Urdiña Txiki. Elkarteko abestiak ere azpimarratzen du hori: «...somos la sociedad Urdiña Txiki, siempre estamos de muy buen humor, carnaval es la fiesta del pueblo, que jamás se podrá olvidar...». Elkarteak ere 75 urte beteko ditu aurten, beti umorean.

1943. urtean sortu zuten, eta egoitza Plaza Berrian izan zuten, gaur egun Ikatza taberna dagoen lekuan. Mende erdia betetzearekin batera, eraikina bota behar zutela-eta, lekuz aldatu ziren, Santa Maria kalera. Ongi gogoan du hori Enrike Arostegi, Tolosako Musika Bandako zuzendari eta elkarteko bazkideak: «Urte hartan, 93an, ezkondu nintzen. Elkartekoek despedida egin zidaten, egoitza zaharren. Ezkondu osteko oporretatik bueltan, berriz, egoitza berria genuen jada».

Sortzez, kirol elkartea da Urdiña Txiki. Urtetan jubenil mailako futbol taldea izan zuen, Tolosa CF-ra jauzi egiteko aproposa. Arrakasta izan zuen taldeak urtetan, gerora lehen mailako izar izan ziren futbolariek bertan eman baitzituzten futbolari ibilbideko lehen urratsak: besteak beste, Periko Alonsok (Reala eta Bartzelona), Txato Nuñez (Athletic), Sorondo (Osasuna), Iñaki Altuna (Eibar)... Gerora Tolosa CF klubak hartu zuen taldearen ardura. Gainerako kirol txapelketak ere antolatu izan zituzten: xakekoak, pilotakoak...

Inauterietan ere beti parte hartu izan dute elkarteko kideek, eta «saltsero» izaera izan dutela azpimarratu du Arostegik: «Inauterien baitako ekitaldi askotan murgilduta izan da Urdiña Txiki. Urtetan karroza bikainak atera izan dituzte. Beteranoenek, adibidez, ongi gogoan dute pirata barkua egin zutenekoa».

Kaldereroen festari lotuak izan dira azken urteotan Urdiña Txikikoak. «Hasieran Gure Txokoa elkarteak antolatu izan zituen, baina gero antolatzeari utzi zioten, eta Urdiña Txikik hartu zuen ardura hori». Carlos Garcia Carraca izan zen lehen zuzendaria, eta gerora Joxe Manuel Gurrutxaga eta Juanjo Tarragona ere aritu ziren denbora batez. Azken dozena bat urtetan Joxean Arostegi da konpartsako zuzendaria. «Garai haietan Tolosako Musika Bandako kideak joaten ziren jotzera, eta entseguak eta dena egiten ziren. Gaur egun, berriz, parte hartzaileagoa da», dio Arostegik.

Inauterietan, berriz, bi egunetan irtengo da kalera Urdiña Txikiko txaranga: Zaldunitan eta Asteartitan. 1968. urtean irten zen lehenengoz, eta beraz, aurten 50. urteurrena beteko du. Denbora horretan, Miguel Izagirre izan da pertsona esanguratsuenetako bat. Urte luzez zuzendari izan zen, baita Tolosako Danborradako danbor nagusia ere, Carlos Muñoa baino lehen. Hark utzitakoan, Bernardo Etxaburua, Juan Luis Lorence eta Benito Usabiagak bete izan dute zuzendari lana.

75. urteurrena ospatzeko 2018an zehar ekitaldi gehiago egingo dituztela iragarri du Urdiña Txiki elkarteak, xehetasunak, ordea, beranduago emango dituzte. Txiki izatetik nagusi izaterako bidean da Urdiña Txiki, baina umoreak ez du mugarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!