Zerkausia izan zen jaialdiaren aterpe lehen urteetan. Urteren batean ere Berazubiko kiroldegi zaharrean egin zen. Baina elkartearen 50. urteurrenaren aitzakiarekin, 1984an, Beotibar pilotalekuan egitera pasa zen.
Ordura arte, guiñol ikuskizun bat izaten zen jaialdiaren ardatz nagusi eta artean ohikoa zen inauterietako Haur Erreginaren figura ere bertan aukeratzen zen. Ikuskizunaren amaieran, ogitartekoak banatzen ziren haur guztien artean. 1978an, esaterako, ia ogitartekoak banatu gabe geratu ziren, Gipuzkoako okinen greba zela eta. Autoa hartu eta Nafarroara joan behar izan zutela ongi gogoan du Xabier Otaño elkarteko bazkideak: «Bueltan gentozela, pikete talde batek geratu gintuen, eta aurrera egiteko azaldu behar izan genien ogia haur jaialdirako zela».
Elkarteak mende erdia betetzearekin batera, itxuraldatu egin zen jaialdia, eta arrakasta areagotu egin zen: 3.000 pertsona batu ziren Beotibar frontoian. Izan zen arazorik baimen kontuekin-eta. «Hainbeste jende etortzen zenez, aulkiak jarri behar izaten genituen kantxan, oholtzara arte. Eskerrak inoiz ez zen ezer pasa», dio Juan Miguel Zugasti antolatzaile taldeko kideak, beste garai batzuk zirela azpimarratzearekin batera.
Esker ona laguntzaileei
Xabier Telleria eta Kike Amonarriz, Karlos Handia magoa, Gainberri ikastetxeko ikasleen antzerki taldea, Poxpolo eta Mokolo, Xurdin, Urko... Asko eta asko izan dira Jaialdian parte hartu duten artistak. Azken urteotan, berriz, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior eta Joseba Usabiaga Tximista, eta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izan dira ikuskizuna girotzeaz arduratu direnak. Baita aurtengoan ere.
Ikuskizunaz gain, Mozorro Lehiaketak hartzen du Haur Jaialdiaren bigarren zati nagusia. Aurten ere WhatsApp bidez jaso dituzte argazkiak, eta Tolosako jostunek osatutako epaimahaiak erabakiko ditu nortzuk diren saridunak.
50 urte hauetan guztietan artista eta herritar hauengandik jaso duten «aparteko laguntza» goraipatu eta eskertu nahi izan dute jaia antolatzen diharduten elkarteko kideek: «Beti beso zabalik hartu izan dute elkartearen deia, eta sekulako lana egin dute denek. Oso eskertuta gaude», dio Iban Ormazabalek.
Bien bitartean, Aiz Orratz elkarteko kideek prest dute aurtengo emanaldia, eta, Ormazabalen esanetan etorkizunera begira ere horrela jarraitu nahiko lukete: «Jendeak nahi duen arte guk jaialdia antolatzen jarraitzeko asmoa dugu. Ez dago haurrak zoriontsu ikustea baina hobeagorik».
75 urte, 'beti umorean'
Haur Jaialdiarena ez da Aiz Orratz elkartearen ospakizun bakarra izango aurten. Txarangak ere 75 urte egingo ditu Tolosako kaleak alaitzen, elkarteko abestiaren letrak dioen moduan, «beti umorean».
1943. urtean osatu zen lehen taldea, Esteban Elola zuzendari zela. Lehen bi urteetan pijama batekin ateratzen ziren kalera, eta gerora frac bat eta kartoizko kapela bat janztera pasa ziren. Casimiro Alustizak hartu zuen zuzendariaren ardura.
1950ean Luis Collado pasa zen txaranga zuzentzera, eta hark bere iloba Arturo Barrio eraman zuen txarangara. Txarangako lehen haurra izan zen, baita inauterietan txarangekin irteten hasi zen lehenengoetakoa ere. Urte gutxira berak hartu zuen zuzendari makila, inauterietako zuzendaririk gazteenetakoa bihurtuz.
Garai hartan marinelez janzten hasi ziren; kolore zuriz, ordea. Antza, zuriak zikintzeko arrisku handia zuen, eta marinel jantzia kolorez aldatzea erabaki zuten 1969. urtean, Carlos Muñoa zuzendari izendatzearekin batera. Gaur egun darabilten jantzi urdina aukeratu zuten.
Muñoa 1984. urtera arte izan zen zuzendari eta geroztik, hainbat bazkideren artean partekatu dute ardura hori: Julian Aizpuru, Arturo Barrio, Alfonso Narro, Patxi Agirre, Ramon Jauregi, Iñaki Ormazabal, Igor Martinez de Lecea, Javi Grandes edo Iban Ormazabal.
Hiru egunetan ateratzen da kalera Aiz Orratz elkarteko txaranga: Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan: «Egun ederrak pasatzen ditugu elkarrekin. Txarangak gure inauterien parte garrantzitsuenetako bat dira, eta elkartean beti argi izan dute hiru egunetan ateratzearena», azaldu du Ormazabalek.