Santa Luziako hazitegiaren proiektua saritu du Landaolak

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 2a, 12:31

Lehen Landaola Sariak banatu dituzte Zaldibian. Hiru proiektu saritu eta bi norbanakori aipamena egin diete Gipuzkoako sei landa garapen elkartek, horien artean, Tolosako Udalari.

Landaola, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak Landaola Sariak banatu ditu lehen aldiz, landa ingurunean iraunkortasuna bermatu eta sustatzeko asmoz. Zaldibiako Goizane eraikinean egin zuten, atzo, sari banaketa ekitaldia.

Hiru sari banatu zituzten guztira, eta erakunde publikoen arloan, Tolosako Udalak jaso du garaikurra, Fraisoro Nekazaritza Eskolarekin eta Tolomendirekin batera Santa Lutziako hazitegia berriztatzeagatik eta Tolosan baratzegintzako formazioa egin dutenei praktikan jartzeko aukera emateagatik. Arlo horretan beste bederatzi hautagai zeuden.

Proiektuen ezaugarriak hartu dituzte kontutan, besteak beste, proiektuen eredugarritasuna, eremuan zabaltzeko dituzten aukerak, oihartzuna eta lankidetza.

Patxi Amantegik jaso zuen saria, eta nekazaritzaren gabeziak "laguntza publikoarekin bete beharra dagoela" nabarmendu zuen: "Formakuntza egiten dutenei lurra jartzen diegu, eta horrela azokara joango direnen belaunaldiak bermatzen ditugu".

Azkoitiko Hazitik kooperatibak jaso du erakunde pribatuen saria, Bizilore eskola eta Abaraxka gazte-aterpetxea abian jarri eta lehen sektorearekiko harremana sustatzeagatik. Bestalde, Landaolak Antton Dorronsoro eta German Muruamendiarazek landa eremua garatzen egindako urtetako ibilbidea saritu nahi izan du. Mendiko Gazta proiektuari, berriz, Aipamen berezia egin zioten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!