Noiz hasi zineten San Esteban auzoko konpartsarekin?
Aurten 24. urtea izango da. Iraunkorrak txarangan jotzen dut eta horko lagun batzuk elkartu eta Zaldunitan konpartsa bat ateratzea erabaki genuen. Urtero gai bat aukeratzen dugu, horren inguruko abestiak aukeratu, txarangarako konponketak egin, eta kanta horiek joz ateratzen gara. Aurten Barrikada taldearen inguruan aterako gara eta abesti batzuk aukeratu ditugu jada, entsegu gutxi batzuk ere egin ditugu. Aurten ez dugu denbora asko izan eta Iraunkorrak txarangan Barrikadako hainbat abesti ere jotzen ditugunez, prest ditugunez, beraz, Barrikadaz ateratzea erabaki dugu. Kontua ez da kristoren lana hartzea ere.
Egun guztirako ateratzen al zarete?
Goizean atera, auzoko elkartean bazkaldu eta arratsaldean berriz ere ateratzen gara, oso egun polita izaten da. Oso ondo pasatzen dugu. 12:00ak aldera ateratzen gara eta normalean beti ibilbide bera egiten dugu. Lehenengo alde zaharrera jaisten gara, eta lehen geldialdia Babes tabernan egiten dugu. Eguraldi txarra egiten duenean Euskal Herria plazako arkupeetara joaten gara. Eta hortik Plaza Berrira jaisten gara, pare bat abesti jotzen ditugu, eta handik gora egiten dugu, Arostegieta kaletik edo. Alondegi plazan ere gelditzen gara, baita Sare tabernaren inguruan ere, eta handik auzora itzultzen gara, bertan bazkaltzen baitugu.
Eta arratsaldean beste hainbeste, hortaz.
Arratsaldean Berazubi auzora joaten gara eta bertan ere jotzen dugu. Handik jaitsi eta Nafarroa etorbidetik behera egite dugu, Zumakalarregi kaletik Babes tabernara itzultzen gara. Handik pixkana Xirimiri kafetegirantz abiatzen gara.
21:00etarako Paquito el Chocolatero jotzeko Elurra taberna ingurura joan behar baitzarete, tradizioa da jada, inon idatzita ez dagoen ohitura horietako bat.
Beti Elurra inguruan bukatzen genuen, Korreo kalean, eta urte batean aulki bat atera zidaten eta gainean jarrita jo nuen. Lehen urte horietan kalean pasatzeko tokia ere bazegoen, ez orain bezala, orain jendez lepo egoten da. Bigarren urtean konpartsako kide batek esan zidan bere arreba han bizi denez, etxera igo eta balkoira ateratzeko, kosta zitzaien ni konbentzitzea, baina azkenean atera nintzen. Urte hartan zirkuz atera ginen. Pentsa, etxeko jabea, Mari Paz, karroza batean zegoen eta tipo bat bere etxeko balkoian tronpeta jotzen ari zela esan zioten. Korrika atera zen etxerantz, atea ireki, eta hortxe nengoen ni, tronpeta joz. Eskerrak asko gustatu zitzaion. Tradizioa da jada.
Jende asko al zarete konpartsan?
Dezente. 24 urte hauetan seme-alabak ere gehitu dira konpartsara, guztira 50 bat pertsona izaten gara. Musikari bezala 12 bat gara; bi tronpeta, 2 saxo, tuba bat, tronboi bat edo bi, eta hiru perkusio, bonboan bat, kaxan bat eta txapak jotzen beste bat. Gori laguna ere ateratzen da, berak zuzendari lanak egiten ditu.
24 urte eta 24 mozorro eta gai beraz, denetarik aterako zineten.
Denetarik bai; lehen urtean Euskadi Tropikala izan zen gaia, tiroldarrez ere atera gara, zirkuz, Duo Dinamiko bikoteaz, Village People musika taldeaz, mexikarrez, aretoko dantzariz...
Txarangetan joz, inauterietan etxean ez dugu denbora asko emango...
Egun guztia kalean ematen dut bai. Iraunkorrak bezala Donostian hasten gara; Antiguoko festetan hasten gara eta hortik aurrera, egun guztiak bete-beteak ditugu. Tolosako inauterietan egunero ateratzen naiz nonbaiten jotzen; Tolosako Bandan, Iraunkorrak txarangan, Zaldunitako San Estebango konpartsan...
Zaldunita egun berezia da zuretzat, beraz.
Oso berezia. Goizetik ateratzen gara eta oso gustura egiten dut. Musikari lagun askok ikusten digute eta oso ondo egiten dugula esaten digute. Ondo geratzeko entseguak ere egiten ditugu. Nire lehengusu Ibonek ere konponketak egin izan ditu, sinple eta erraz, baina txukun egiteko moduan. Egunez gozatu eta ondo pasatzeko egiten dugu, ez dugu gehiegi konplikatu nahi.
Inauterietako zein egun nahiago duzu?
Zaldunita asko gustatzen zait. Konpartsan oso ondo pasatzen dugu. Egia da beste egun eta momentu berezi asko daudela inauterietan, baina Zaldunita asko gustatzen zait. Ostegun Gizena ere gustatzen zait, baina lanean ematen dut eguna, gustura, baina lanean. Egunez, igandea gustatzen zait.
Eta ba al duzu momentu kuttunik?
Ez da gurea delako, baina Paquito el Chocolatero jotzen dudanekoa oso berezia da. Ez da nik jotzen dudalako.
Horrenbeste urte Paquito el Chocolatero jotzen egon eta gero, beti berdin jotzen al duzu?
Apaindu egiten dut, beti jotzen dut desberdin. Nire moduan egiten dut eta ondo geratzen da.
Inauteriak eta txarangak, batera doaz.
Ezin dira banandu. Inauterietan txarangek berebiziko garrantzia dute; kalean daude, zezenetan, herriko txoko guztietan... Poca Tripa txarangan jotzen hasi nintzen mutik kozkorra nintzela, Alcoyanon jo dut, Sukalden... Urteak pasa ahala lasaitzen joan naiz, eta lehentasuna beste gauza batzuei eman diet, baina txarangekin lotuta egon naiz beti, eta nago. Orain lasai ibiltzeko egun bat ere hartzen dut, hori bai.
Eta zein egun da hori?
Astelehenean ez dut jotzen, niretzat hartzen dut, atera eta ondo pasatzeko, instrumentu gabe ondo pasatzeko esan nahi dut.
Ba al duzu inauterietako doinu kuttunik?
Molinatxo asko gustatzen zait eta beti gustatu izan zait ere Troika. Diana ere polita da, hala ere. Instrumentuarekin hasi nintzenean Troika joz hasi nintzen, erraza delako, eta horregatik ere gustatzen zait. Habanerak orokorrean oso politak dira, eta horien artean Molinatxo dut gustukoen.