Nolatan hasi zinen Kaldereroen konpartsan dantzan?
2004an eskolako gelakide zen baten gurasoek hartu zuten dantzarien taldea osatzeko ardura eta haiek eskatuta hasi nintzen. Familia horren lagun eta ezagunak elkartuta jarraitzen dugu urtero-urtero dantzan. Adin desberdinetako jendea hasi ginen dantzan, gaur egun 16 gaztetxo eta 16 heldu ateratzen gara.
Zein dantza egiten dituzue?
Bi dantza egiten ditugu. Musika eskolako biolin, akordeoi, flauta eta beste instrumentu batzuekin batera ateratze gara. Beraiek Kaldereroetako bi abesti jotzen dituzte, kantatzen ez direnak, dantzarako direnak bakarrik. Guk handiena eta txikiena deitzen diegu; bat txikienek egiten dutelako eta bestea helduok egiten dugulako.
Zailak dira ikasteko?
Dantza sinpleak izaten dira, baina egia da helduen dantzak baduela zailtasun pixka bat, baina inauterietako beste edozein dantza bezalakoa da.
Eta nondik datozen dantza horiek?
Garai bateko Tolosako Harkaitz dantza taldeko dantzari batzuek sortu zuten. Nik euskal dantzak egiten ditudanez, konturatzen naiz pauso batzuk nondik etorri daitezkeen, Lapurdiko inauterietatik eta, baditu nolabaiteko loturak, baina sorkuntza bat da, asmatutako dantzak dira.
Berezia izango da zuretzat?
Inauterietako txupinazoa da, nahiz eta suziria Ostegun Gizenean botatzen den Kaldereroak oso egun berezia da, eta xarma berezia du festa horrek, nahiz eta ez izan horren propioa, herri askotan egiten baita.
Jende asko izaten duzue atzetik..
Bai, baina egia da adin batetik aurrera jendea lotsatu egiten dela edo, eta ez dela janzten. Inauterietan ez dira lotsatzen, eta Kaldereroetan berriz, bai, bitxia da. Nik jendea animatuko nuke janztera eta festan erabat murgiltzera, Kaldereroak inauterien parte dira.
Nola janzten zara?
Inauterietako errituala da, ehuneko ehunean; egunean bertan kaxara joan trapu zaharrak, txapelak, belarritakoak eta abar atera eta kalera. Ez da oso zaila txukun ateratzea.
EGITARAUA
TOLOSA
10:30. Erraldoi eta buruhandien konpartsa, dultzaineroek lagunduta, Plaza Zaharretik.
12:00. Aiz-Orratz txarangaren irteera.
12:30. Haur jaialdia Leidor aretoan, Aiz-Orratz elkarteak antolatuta.
19:00. Urdiña Txiki elkarteak antolatutako Kaldereroen Konpartsaren irteera, Plaza Zaharretik.
23:30. Incansables txaranga kalez kale.