Berazubiko karroza, 2018ko Kabi Alai Kuttuna

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 1a, 20:01

1980ko hamarkadaz geroztik, ironiaz eta aldarrikapenez osatu izan dituzte beren karrozak; kaleko inauteria egiten duten guztiei eskaini diete errekonozimendua.

Leninistaz. Vatikanoa irudikatuz. Franco berpiztuz nahiz Madrilgo Colon plazako bandera Tolosaraino ekarriz. Legioz nahiz Mariano Rajoiren osteratxoak gorpuztuz. Tolosari eta ia munduari ere bira eman izan diete, Berazubiko auzotarrek urtez urte sortutako mozorro eta antzerkiek, eta iritsi zaie saria: 2018ko Kabi Alai Kuttunak izango dira.

Kabi Alai elkarteak gaur iragarri du aurtengo sarituaren izena eta, berazubitarrekin, hazi eta hazi ari da kuttunen zerrenda. Aurten, beste behin ere, eurak izango dira Ostegun Gizeneko txupinazoa botatzeko arduradunak. Aurreratu dute, Kabi Alai elkartekoekin batera zerbait prestatu dutela; ohiko moldeetatik aterako da, beraz, suziria. Beste gakorik eman ez dutenez, tolosarrek gauza bakarra egin beharko dute: Ostegun Gizenean, adi egon.

Karroza utzi eta konpartsara pasatu ziren duela zenbait urte, baina zirikatzaile izateari ez diote utzi, hori baita, Berazubiko karrozako kideentzat, Tolosako inauteria. Bide horretan, Kabi Alai Kuttuna saria kaleko inauteria egiten duten guztiei eskaini nahi izan diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!