«Tolosako inauterietan inoiz ez du eguraldi txarrik egiten»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 1a, 13:08

Astebete barru festaren aparretan izango dira tolosarrak eta, ohiko atzera-kontua errespetatuz, Tolosako Udalak aurkeztu ditu 2018ko inauteriak; karrozek ibilbide berria izango dute, eta Zaldunita bezperako danborrada ere eraberritu egingo dute.

Goiztiarrak; hala izango dira 2018ko inauteriak. Iazkoak amaitu zirenez geroztik urtebete ere pasatu ez dela, azken orduko ilusio, prestaketa eta plazerezko buruko-minek hartu dute Tolosa. Horrela, udalak aurkeztu ditu bost eguneko jai kuttunak, eragile batzuetako ordezkariekin batera: "Tolosako Udalak eskaintzen duen prentsaurreko zirraragarriena da hau", azaldu du Olatz Peon alkateak.

Atzera-kontua aspaldi hasi zuten batzuk, baina gaur, ofizialki, Ostegun Gizenerako falta diren egun eta orduak kontatzen hasteko eguna da: astebete barru, Tolosa festaren aparretan blai izango da jada. Otsailaren 8an hasi eta hilaren 13ra bitarte, ia denetarako aukera izango da Tolosan eta, hain justu, alkateak herritarren eta eragileen parte-hartzea eskertu nahi izan du agerraldian: "Horrek egiten ditu berezi inauteriak".

Aurten, gainera, urteurren eta efemerideen zerrenda ohi baino luzeagoa izango da. Joan den astean omendu zuten Tomas Hernandez, inauteriak iragartzeko 50. kartela egin izanagatik. Ordea, eta da ospatzeko moduko zenbaki bakarra izango: Polvo y Paja txarangak 90 urte, Aiz-Orratz eta Kabila txarangek 75 urte; Urdiña-Txiki txarangak 50 urte; Alcoyano txarangak 60 urte; Poca Tripa txarangak 55 urte eta Sukalde txarangak 45 urte. Zalantzarik ez da: zenbaki horiek guztiak, inauterizaleen grinaren erakusgarri bat baino ez dira.

Mende zaharretatik honako festak baitira inauteriak, behin eta berriz errepikatu eta berritzen direnak. Horrela, aurten ere, urteroko inauterien moldeetan sartu beharko du kaosak, hainbat berrikuntza garrantzitsuren laguntzak.

Karrozen ibilbide berria

Azken urteotako pilatzeak eta leku faltak saihesteko, Tolosako karrozetako ordezkariek ibilbide berri bat adostu dute Tolosako Udalarekin, Zaldunita eta Asteartita egunetarako. Betiko moduan, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea hartuko dituzte, baina baita Oria kalea, Nafarroa etorbidea eta Foruen etorbidea ere. Karrozetako ordezkariek herritarrak deitu dituzte, ibilbide berrira ere bertaratzera.

30 karroza eta konpartsa handienek leku zehatza izango dute ibilbidean, eta ezingo dute mugitu; 30 metroko distantzia izango dute, elkarren artean. Bestalde, plataforma eta konpartsa txikiagoek, aukera izan dute leku finko batean egon, edo libreki mugitzeko, baina guztiek 10 metroko distantzia errespetatu beharko dute. Modu horretan, "Triangulo inguruko pilaketa ez errepikatzea" lortu nahi dute.

Ibilbide aldaketarena, ordea, ez da berrikuntza bakarra izango. Tolosako Karrozak elkartea sortu dute karroza eta konpartsa handienek. Pabiloi berrian ari diren karrozetako ordezkariak elkartu, eta "inauterien antolakuntzari nahiz denon ongizateari begira" erabakiak hartzeko eta ordezkaritza izateko sortu dute elkartea, Aimar Alonso ordezkariak azaldu duenez.

Aurten, 77 karroza eta konpartsa aterako dira, eta 1.400 haurrek parte hartuko dute Astelenitan, aisialdi taldeekin.

Zaratarik ez txarangentzat

Azken urteotako haserrea gehiago piztu zen, iaz, txarangetako kideen artean, Zaldunita eguneko jaitsiera izugarri luzatu baitzen, karrozen, jendearen eta txarangen arteko espazio eta zarata arazoak medio. Horrela, aurten, udala, txarangak eta karrozak akordio batera iritsi dira: Zaldunitatik Asteartitara bitarte, karrozak eta konpartsek ezingo dute musikarik jarri, 18:00etatik 20:00etarako tartean.

Ramon Zubeldiak azaldu duenez, "karrozetako kideek ondo hartu dute proposamena", eta eurak ere gustura daude, dietak ere igo baitizkiete. Bide beretik, txarangetan salto egiten duten herritarrei ere zabaldu nahi izan die mezua, eskatuz, txarangaren eta herritarren arteko distantzia errespetatzeko eta, mesedez, atzerantz salto ez egiteko.

Danborrada, eraberrituta

Zaldunita bezperako danborradak mende pasatxoko tradizioa izanagatik, urteak dira jada, hitzordua itzaltzen ari zela. Horregatik, aurten, berrikuntza batzuk gehitu eta danborrada eraberritzea adostu dute, Ainhoa Arsuagak azaldu duenez.

Batetik, danborradako talde parte-hartzaile guztiek talde bat osatu dute, antolakuntza hobetu eta hitzordua sustatzeko asmoz. Horrela, aurten, Plaza Zaharretik abiatuko da martxa, eta bertan amaituko da. Gainera, Galtzaundi pieza joz ekingo diote danborradari, eta danborra jotzearekin batera, kantatu ere egingo dute.

Danborrada amaitutakoan, berriz, parte-hartzaile guztiek elkarrekin afalduko dute Zerkausian, estreinakoz: "Orain arte, talde bakoitzak bere aldetik antolatzen zuen afaria, baina talde giroa sortu nahi dugu, eta guztiok elkarrekin afalduko dugu, giroa pizteko".

Kaldereroetan hasiko da prebentzioa

Tolosako Prebentzio Mahaiak urte osoko lana egiten du, gazte eta nerabeak alkoholaren eta drogen kontsumoaz informatu, eta prebentzioa lantzeko. Inauteriei begira, ordea, lanketa berezia jorratzen dute, eta aurten ere mamitu dute sentsibilizazioren bidea.

Aurreko urteetan harrera ona izan duela-eta, Gipuzkoako DBHko ikasle guztien gurasoei gutuna bidali die udalak, prebentziorako hainbat gako eskainiz. Horrez gain, Ailaket elkarteak eta Inmakulada ikastetxeko ikasleek esku-hartze zuzena egingo dute inauterietan.

Ordea, aurten, estreinakoz, kaldereroen egunean ekingo diote lanari: "Gazte lokaletan ariko dira, lehen aldiz, eta inauterietako egunetan jarraitu", azaldu du Olatz Peon alkateak.

Halaber, gogora ekarri du, Tolosako taberna eta dendetatik ere pasatu dela udala, adin txikikoei alkoholik saldu ezin dietela gogorarazteko.

Gainerakoa, martxan

Nobedade nagusiak iragarrita, ohiko antolakuntza lanak ere hizpide izan dituzte agerraldian. Batetik, karrozetako Berdintasun sariari fokua jarri nahi izan dio Peonek: "Ez da sari huts bat. Berdintasun saria, inauterietan, festetan eta karrozetan emakume zein gizonek berdin parte har dezakegula erakusteko bide bat ere bada".

Horren harira, Tolosako Udalak beste behin abiarazi du Tolosak ezetz! kanpaina, eraso eta jarrera sexisten aurka. Horrela, txapak banatuko dituzte herritar eta eragileen artean. Aimar Alonso karrozen ordezkariak bereiziki nabarmendu du karroza eta konpartsen atxikimendua: "Saiatuko gara, egunez egun, puntu more hori zabaltzen".

Zezen plazako sarrerei dagokienez, internet bidezko sarrera guztiak 13 minutuan agortu ziren. Datorren astelehen eta asteartean, gainerako sarrerak (%30) salgai jarriko dituzte Leidor aretoko leihatilan eta, baten bat geratuko balitz, ikuskizunen egunetan eskuragarri egongo lirateke, zezen plazan bertan. Egunero, 4.000 pertsonako aforoa bete egingo da plazan.

Eserita egon baino, txarangekin sartu eta zezen festa plazaren atarian pasatu nahi dutenek, ohiko ilara itxaron beharko dute: udaltzainek sarbidea markatuko dute, eta txarangaren atzetik sartzen diren pertsonak banan-banan kontatuko dituzte, azken urteetan bezala, gehienezko kopurura iritsi bitarte.

Bost eguneko festak hondakin eta zabor kopuru handia sortzen duela-eta, Olatz Peonek azpimarra jarri dio herritar bakoitzak bere alea jartzeari: "Urte osoan bezala, inauterietan ere saiatu egin behar dugu hondakinak egoki sailkatzen. Garbitzaileek sekulako lana egiten dute Tolosa txukun mantentzeko, baina guztion lana da herria garbi izatea".

Azkenik, beti bezala, Tolosako Udalak garraio publikoa erabiltzera deitu ditu datozen egunotan Tolosara bertaratuko diren pertsonak. Olatz Peonek ohartarazi du, Tolosaldea Buseko langileak greban direla. Dena den, gutxieneko zerbitzuak adosteko bileretan ari dira. www.tolosa.eus atarian eguneratuta izango du, udalak, garraio publikoaren ordutegi guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!