«Munduko kultur institutu guztiekin parez parez aritu nahi dugu»

Erabiltzailearen aurpegia Lander Arretxea 2018ko ots. 1a, 12:42

Argazkiak: Lander Arretxea

Etxepare Institutuko zuzendari berria da Irene Larraza tolosarra. Aurrez, sei urte eman ditu bertan, bestelako arduretan. Etxea ongi ezagutzen du. Miren Arzalluzek duela urtebete hasitako bidea jarraitzea egokitu zaio, baina nahi luke, lan horretan, bere eskua eta egiteko moduak nabaritzea.

Itzalpean lan egitetik, periodikoetako titularretan agertzera. Aldaketa handia da?

Bai, arlo pertsonalean bada saltoa. Azken sei urteetan lan taldean izan naiz, eta oraingoa desberdina da, erantzukizuna hartzen duzulako eta behartzen zaituelako beste erakunde batzuekin erlazionatzera. Bost urtez aritu naiz komunikazio arduretan eta horrek hurbiltzen zaitu gai eta alor gehienetara. Erakundearen nondik norakoen berri badut, beraz. Azken urtean aldiz, kultur zuzendariaren postuan aritu naiz. Horretan egokitzen nenbilela etorri da beste aukera hau, eta halaxe hartu dut.

Urtebete eskas egin du Miren Arzalluzek karguan. Nabaritu da bere eskua institutuaren norabidean? Zuk berak hasitako bidea jarraituko duzu?

Berak ere lur hartzeko denbora behar izan zuen, normala den bezala. Horren ondoren, lau helburu oinarri zituen plangintza proposatu zuen lau urtetarako: ikusgarritasuna hobetzea, beste erakundeekin koordinazioa, hazkunde kualitatiboa eta kultur diplomaziaren eremua lantzea. Denak ziren aurrez lantzen ziren eremuak, baina berak irakurketa berria eman zien. Hori da nik jaso dudan proiektua eta enkargua. Baina hori nola egin, horretan eragin ahal izango dut, eta nahi nuke nire ekarpena antzematea.

“Egileak aktiboa dira, instituzioa zubia” dio zuen webguneak. Hala da praktikan ere?

Beti dago zer hobetua. Lan-talde mugatua dugu, ez da oso handia, eta gure misioa, aldiz, amaiezina da. Beraz, nahitaez ildo batzuk lehenetsi behar ditugu. Urgentzia askori erantzun behar izaten diogu maiz, eta hala denean, baliteke batzuetan harremanak gutxiago zaintzea. Hor, esan bezala, badago zer hobetua: gertutasunean. Gertutasun hori praktikan jarri nahi nuke, izan dadila erraza gugana jotzea eta izan gaitezela gardenak. Aurretik ere harremana izan dut sortzaile eta sektore askotako jendearekin, eta pentsatu nahi dut horrek ere lagunduko digula gertukoago izaten. Uste dut hor egin dezakedala nire ekarpena.

Tabakaleran egoitza izateak errazten du beste eragile edo sortzaile batzuekin elkarlana?

Gogoratzen dut Tabakaleran hasi ginenean denok hartzen genuela ahotan “sinergiak sortu” espresioa. Nire buruari galdetzen nion ea hala izango zen, hitz asko oso erraz erabiltzen ditugu-eta. Baina egia da baietz, teilatupe berean egoteak harremanak asko errazten dituela.

Nagusiki kanpora begira egiten duzue lan, eta akaso horregatik, nolabaiteko desinformazioa badago Etxepare Institutuak egiten duen lanaz…

Gertatzen zaiguna da etxean Etxepare zer den azaltzeko ere denbora behar dugula. Ezin da hitz bitan esan. Azaldu behar duzu euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzeko erakundea dela; irakaskuntzaren bidez euskara zabaltzen duela; kultura sustatzeko diru-laguntzak ematen dituela eta azokatara doala; ahotsa ematen diola gure kulturari Europa mailako beste erakunde batzuen aurrean… Hori dena entzunda, ez zara ezerekin geratzen, luzeegia delako, baina halaxe da. Hori dena egiten dugu, eta hori dena gara.

Globalizazio betean, gero eta gauza antzekoagoak egiten dira Mendebalde osoan. Nola ezaugarritu edo nabarmentzen da euskal kultura nazioartean, gehiegizko folklorismoan erori gabe?

Gakoa sortzaileengan dago. Bertako sortzaileek badute maila nahikoa mundura joateko konplexurik gabe, diziplina guztietan gainera. Zoritxarrez, mundu globalizatua askoz gogorragoa eta hotzagoa da hizkuntza minorizatuentzat. Gure globalizazioa etxean bertan hasten da. Hizkuntza hegemoniko baten alboan bizi den hizkuntza batek badaki zer den hori urrutira joan gabe ere. Baina alde daukagu, euskarazko sorkuntzaz ari garenean, zerbait bitxia garela, interesa pizten duena. Asko harritzen dira euskaraz goazelako eskolara edo epaitegira, euskaraz egiten ditugulako filmak, euskaraz idazten dugulako. Uste dut gaur egun garenaren eta sortzen dugunaren balio horri eutsi behar diogula kanpoan zer garen erakusteko. Tradizioari uko egin gabe, noski, hori ere bagara-eta.

Estaturik ez izateak, zailtzen du, pentsatzen dut, nazioartean euskal kultura eta euskal sortzaileak kokatzeko ahalegina? Bai behintzat zuek jorratzen dituzuen bideetatik.

Mugatzen du, bai. Lana egin genuen Europako kultura institutu nazionalek osatzen duten EUNIC sarean egoteko, eta lortu dugu bertan estatu bat ordezkatzen ez duen lehenengo institutua izatea. Baina orain horren gidaritza daraman EUNIC global taldean sartu nahian gabiltza, eta estaturik ez izateak zailtzen digu. Baina hor egon nahi dugu, Espainia edo Frantziako institutuekin, eta beste guztiekin ere bai, elkarlanean baina parez pare aritzeko.

Gero eta alor gehiago biltzen ditu kultura hitzak. Badu diziplina batzuekin harreman gehiago Etxeparek besteekin baino? Lehenesten dira batzuk?

Uste dut hasieran egitura tradizional xamarra zuela Etxepare Institutuak, baina aldatu da pixkanaka. Jakina, literaturak toki handia du, hizkuntzarekin oso lotura estua duen neurrian. Gainontzean, badira diziplina batzuk oso modu naturalean landu ditugunak: musika, arte eszenikoak, zinea, arte plastikoak… Eta orain, azken urteetan, ari gara erreparatzen diseinuari, arkitekturari eta ondareari ere. Alor horiek gutxiago landu ditugu, eta uste dut badugula zor txiki bat.

Diru-laguntzekin zer eta nola laguntzen den, beti da gai arantzatsua. Zein da zuen helburua horretan?

Diru-laguntzak eta azokak, kasu gehienetan, sorkuntza profesionalean lanean ari direnentzat daude pentsatuta. Egia da badirela beste hainbat eragile eta sortzaile ez daudenak eremu profesionalean, baina ari direnak gauzak egiten eta kanpoan egon nahi dutenak. Horregatik, 2017an diru-laguntza bat berreskuratu genuen “kultura zabaltzeko deialdia” izenekoa. Helburua da formalki profesionalak ez diren sortzaileak laguntzea. Bestetik, hitzarmen, babes edo bestelako formulen bidez ere denetatik sustatzen dugu, baita profesionalak ez diren proiektu edo eragileak ere. Iaz, adibidez, 26 proiektu bultzatu genituen euskal eragileekin. Nahiko genuke, nola ez, diru gehiago izan gehiago banatu ahal izateko. Hori ere hala da.

Txanponaren beste aldea da askotan diru-laguntza, programa eta antzeko politikek zer eta nola sortzen den baldintzatzen dutela…

Guk ez ditugu produkzio laguntzak ematen, mugikortasunekoak baizik. Beraz, edukietan eta abar, ez dugu interferentzia handirik. Ez dugu produkzioa baldintzatzen. Irizpideetan, baloratzen da eskarmentua, aurkezten ari den lanaren oihartzuna… Euskarari ere toki handiagoa egin diogu. Lehen bost puntu ematen ziren euskaraz ziren lanak babesteko, eta 2017tik aurrera aldiz hamar. Euskal kulturaren sustapenari egiten dion ekarpena eta Etxepareren helburuekin bat egitea ere baloratzen dugu.

Kanonizazioa ere izan daiteke arrisku. Literaturara etorrita, izen gutxi dira nazioartean nolabaiteko sona dutenak: Atxaga, Uribe, Cano…

Egia da, aniztasuna egon dadin esfortzu handia egiten badugu ere, izen batzuk errepikatzen direla gure programetan. Baina bere azalpena badu. Batetik, badira autore batzuk berez badutenak nazioarteko dimentsio hori, eremu hori landu dutelako, eta dagoeneko itzuliak izan direnak hainbat hizkuntzatara. Guk ez ditugu sustatzen urrunago iritsi direlako, baina toki askotatik autore horiek eskatzen dituzte. Bestetik, batzuetan eskatzen dizkigute ingelesez edo frantsesez mahai-inguruetan hitz egiteko gai diren idazleak, eta autore guztiak ez dira horretara ausartzen. Hala ere, uste dut autore horiek bide bat irekitzen dietela atzetik datozenei, euskal literatura badela erakusten dute.

Zentzu horretan, genero oreka zaintzen saiatzen da Etxepare Institutua?

Saiatzen gara, badago borondatea. Proportzioetan, mugitzen ditugun emakumeak asko dira, nahiz eta kuota edo antzekorik ez dugun. Orain ari gara iazko lana aztertzen, eta diagnostikoa egiteko, genero adierazleak txertatu nahi ditut nik. Emaitzen arabera ikusiko dugu zein neurri hartu behar ditugun.

Itzulpenak sustatzea da institutuaren lehentasunetako bat. Literaturari dagokionez, ez al da gutxi beste hizkuntzatara itzultzen dena?

Itzultzea baino, zaila dena editatzea da. Hainbat estrategia probatu ditugu hori laguntzeko, baina kanpoko editoreek, oro har, ez dituzte erakundeak nahi tartean; bertako editoreekin harremanetan jarri nahi dute zuzenean. Orain arte landu diren bide batzuk ez dira akaso eraginkorrenak izan, eta bide berriak aztertu nahi ditugu. Gure lana euskal idazleen lana ikusaraztea da, baina sektorearekin elkarlanean egin beharreko zerbait da.

35 “irakurle” eta zortzi katedra ere badira munduan zehar, euskal ikasketak eta euskal kultura zabalduz. Sortzen du interesik?

Interes hori landu egin behar da. Boise bezalako toki batean, adibidez, errazagoa da; beste batzuetan ez horrenbeste. Baina irakurletzak sortzeko dinamikak asko du proaktibotik. Kanpoko unibertsitate batean, arrotza den hizkuntza eta kultura batekiko interesa sortzen du. “Irakurle” esaten diogu bertan dagoenari, baina praktikan, irakasle lana egiten dute, eta ahalegintzen gara ikasgai hori curriculum akademikoan sartzen. Hasieran esandakoekin lotuz, uste dut lan horretan ari direnekin harreman estuagoa izatea badela erronka bat. Lan bakartia izan daiteke, mundua oso zabala da, eta guri dagokigu saretzeko lan hori goxotasunez eta gertutasunez egitea. Nobedade handi xamarra ere badugu aurten: Euskal Etxeetan euskara irakasteko Euskara munduan programa HABEk kudeatu du orain arte, eta hemendik aurrera Etxeparetik kudeatuko dugu. Beste ildo bat da, kasu honetan, euskararen irakaskuntzarekin lotuagoa.

Albiste hau Argiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu Atariara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!