Erakutsiz ikasi

Erakusten eta ikasten

Ataria 2018ko otsailaren 1a

Eskualdeko ikastetxeekin hitzarmena gauzaturik du 'Tolosaldeko Ataria'-k. Hori baliatuta, azken bisita Tolosako Herrikide ikastetxeak egin du, komunikabidea ezagutu asmoz.

Ikasgela barruan teoria dena egunerokotasunean kazetariek praktikara nola eramaten duten ikusteko baliagarriak izaten dira ATARIA-ko bisitak prentsa tailerreko ikasleentzat. Oraingoan ere horrela aprobetxatu dute Herrikideko ikasleek. Bisitarien artean bazen gainera etorkizuneko lanbide zerrenda horretan kazetaria aukera azpimarratuta zuenik. Bisita are erkargarriagoa bihurtzen da orduan, galderak ere zehaztusunez beteak bota eta erantzuten direlako.

Tokiko euskarazko komunikabidearen nondik norakoak ezagutzeaz gain, irrati estudio barrura ere sartu eta mikrofono aurreko lanak egin zituzten ikasleek. Ikasleen arteko lehiaketa prestatu zien ATARIA-k eta ikasleek fin parte hartu zuten.

IRRATI SAIOA

Herrikidek erredakziorako bisita baliatu zuen Erakutsiz Ikasi saiorako tartea grabatzeko. Iazko esperientzia errepikatuta laster antenan izango dira saioak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!