«Konpartsa eta karrozak dira herriari bizitasuna ematen diotenak»

Irune Alfonso 2018ko ots. 1a, 21:30

Goran hirugarrena da Irene Arana, txilaba jantzita.

Inauterizaletasuna zainetan darama Irene Aranak txiki-txikitatik. Ikastolaren bitartez hasi zen aisialdi taldeetan eta konpartsetan lan egiten, eta gaur egun ez ditu inauteriak hauek gabe irudikatzen. 

Inauterizalea da Irene Arana (1997, Ibarra). Urteko inauteriak oraindik amaitu ez eta hurrengoekin ametsetan jarduten duen horietakoa da.

Tolosarra izango bazina bezala bizitzen dituzu inauteriak?
Tolosar batek bezain beste edo gehiago. Ikastolatik hasita, txikitatik bizi izan ditut inauteriak, bertan egiten genun jaialdia edo txaranga zela, beti zerbait edukitzen genuen, orduan urtero inauteriak iristeko gogotsu egoten naiz.

Zein sentimendu sorrarazten dizu inauteri hitzak?
Poza. Aste oso bateko errutinatik deskonektatzeak eta parranda pixka bat eginez, aste motz zein polit bat bizitzeak ematen duen poztasun hori.

Ikaslea izanik noizbait galdu dituzu inauteriak?
Ikastola garaian bat ere arazorik gabe, aste osoan jai izaten genuen, baina behin unibertsitatera iritsita, gauzak aldatu egiten dira. Hala ere, bertan astebeteko jaia hartzen dut eta listo, ahal dudanetan behintzat hori egiten dut.  

Aisialdi taldeen bitartez  hasi zinen konpartsatan parte hartzen?
Bai, ikastolan umetatik ematen digute aukera. Nire kasuan, adibidez, Kazkabarra asialdi taldearekin Astelenitan ateratzeko, eta txikitatik ahal dudan guztitan beraiekin ateratzen naiz. Zehazki, bederatzi urte ume bezala, eta orain, hiru urte daramatzat begirale bezala.

Inauteriak lana ere badira, beraz, noiz hasten zarete guztia lotzen eta prestatzen?
Aisialdi taldean azarorako edo abendurako mozorroa pentsatuta eta entseguak finkatuta genituen, eta gabonetan dantza asmatu genuen. Ondoren, astebururo entseguak izan ditugu umeek zein begiraleek dantza ikasteko. Lagunekin aldiz, azkeneko momentuan, guztia korrika eta presaka, beti bezala, azken-azken momentuan dantza ikasi eta azken ukituak ematea izaten da gainera.

Nola bizi duzu Astelenita?
Goizean kalera atera baino lehen, ikastolan elkartzen gara denok. Mozorroak horrela eskatzen badu, aurpegia pintatzen diegu umeei eta pare bat entsegu egin ondoren, kalera ateratzen gara. Oria hotelaren kanpoan aisialdi talde guztiak elkartzen gara, eta bakoitzak bere emanaldia egiten du. Behin hori eginda, San Frantzisko kalean dantza egiten egoten gara goiz osoan zehar. Eguerdian bazkaltzera ikastolara joaten gara, eta arratsaldean zezenetara jaisten gara. Zezenak amaitzean, pare bat dantza egin eta listo. Umeak gurasoekin utzi, eta gero gure txanda izaten da. Begirale guztiak azken dantza egiten dugu, eta ondoren afaria.
Nola aterako den urduritasun puntu hori beti izaten dut.

Imajinatzen dituzu konpartsarik  gabeko inauteriak?
Egia esan ez. Eta espero dut hori ez gertatzea. Azkenean konpartsa eta karrozak dira herriari bizitasuna ematen diotenak. Beraiek gabe inauteriak ez lirateke berdinak izango.

Inauteri perketua irudikatzen duzu?
Ez, oso zaila da hori gertatzea. Inauteri bakoitzak bere bizipenak izaten ditu eta bat ez da bestea baino hobea izaten, denak dira oso onak.

Amaitu ostean zer?
Deskantsoa. Aste osoan gastatutako energia berreskuratzeko deskantsoa behar izaten dut eta gero beste urtebete itxarotea besterik ez zaigu geratzen. Anekdotak gogoratzen dituzu, baina burua hurrengoetan dago jada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!