Tolosako inauteriaren musikak festaren izpiritua jasotzen du eta herritik kanpora leku askotara zabaldu da. Doinu desberdin asko aurki daitezke bilduma horretan, batzuk tradizionalak eta beste batzuk berriak. Baina nork sortu ditu pieza horiek? Bada, errepertorio tradizionaleko kanten jatorria oso anitza da, gehienbat kanpotik iritsitako doinuak dira, gerora Tolosan sustraitu direnak. Kasu gehienetan ez da ezagutzen bere egilea. Elkarteetako doinuen egileak aldiz, bertakoak eta ezagunak dira normalean. Gehienak ez dira bizi, baina bizi diren horietako bat Tomas Arnal Lekuona (Tolosa, 1930) da.
Zein elkartetako piezak dituzu eginak?
Eup Emendek eta San Blas, biak Estanislao Urruzola Uxola idazleak jarritako letrekin. Txarangek ez dituzte asko jotzen, baina Tolosako Musika Bandak jo izan ditu. Gero danborradetan jotzen diren bi pieza ditut eginak: Ibarrako Sendi Ekintza eta Amaroz auzoa. Beste batzuk ere baditut: Euskal Herri maitea zortzikoa, Bihotz gazteak (Harizpe erretirodunen elkartearentzat), Anoetako erretirodunen elkartearen biribilketa, Usabal, Por un mundo mejor (organorako), Unaitxo (biloba bati eskainia)…
Noiz eta nola hasi zinen konposatzen?
35 urterekin. Akordeoia jo izan dut asko eta erraz ateratzen zitzaidan. Melodia etortzen zitzaidan burura, idatzi pentagraman eta gero landu egiten nuen. Batzuk txarangarako eta beste batzuk banda osorako eginak ditut. Horrek lan handia ematen du. Ondo egin behar da entzungarria gelditzeko.
Musika era askotara bizitu duzu: akordeoiarekin, txarangan, bandan, klaseak ematen, ezkontzetan, konposatzen….
Musika nire bizitza izan da. Bederatzi urterekin solfeoa ikasten hasi nintzen Ceferino Ricorekin eta 12 urterekin tuba Pedro Mozorekin Musika Akademian (Zumalakarregi kaleko Batzokian). Akordeoia Cruz Izurdiagarekin ikasi nuen, San Frantzisko elizako organo-jotzailea eta Villabonako bandako zuzendaria. Akordeoia banuen etxean, aitak ere jotzen zuelako.
Eta inauteriak nola bizi izan dituzu?
Musikaren inguruan beti. Akordeoi taldean ateratzen ginen Tarragonarekin Astelenitan. Hainbat txarangatan atera izan naiz, Kabi Alai eta San Esteban adibidez. Azken honetan zuzendaria ere izan nintzen. Konpartsa eta karroza batzuetan ere (adibidez, sagardotegia) atera izan naiz, baina beti musikari gisa, jotzen nituen bi instrumentu horietako batekin. Gaztetatik bizi izan dugu inauteria. Alde Zaharrean bizi ginen eta bizilagunak animatzen nituen akordeoiarekin. Taberna eta elkarteetan ere asko jotzen genuen.
Ezkontza ugaritan ere izan zara akordeoi-jotzaile.
Bai, garai hartako inguruko jatetxe ezagun guztietan ibiltzen ginen. Herrietako jaietan ere ibiltzen ginen. Eta Centro Catolicon eta Miserikordian ere jotzen genuen dantzaldietan. Akordeoilari on asko zeuden orduan. Alcoyano eta Politos txarangetan ere leku askotan ibili nintzen, Madrileraino iritsiz. Lanaz aparteko diru sarrera polita izan da musika, sei seme-alabeko familia aurrera ateratzeko.
Musika bandan eta musika eskolan ere urte luzetan aritu zara.
Bai, Bandan 16 urterekin sartu eta 80 urte izan arte izan naiz partaide. Bandako batzuk udal orkestina osatzen genuen Zerkausian, Plaza Berrian eta Zumardietan dantzaldiak eskaintzeko. Eta Musika Eskolan 23 urtez aritu naiz metaleko instrumentuen irakasle gisa, erretiratu arte. Ikasle asko atera dira hortik.
BESTE KONPOSATZAILEAK
Herriko elkarteetako piezen egile gehienak tolosarrak dira, baina hilda daude. Gehien konposatu zituena Juan Colmenero izan zen, baina beste konposatzaile asko dago: Eustakio Garate, Jose Tarragona, Ignazio Mokoroa, Antxon de Pedro, Justo Saizar, Ignazio Bereziartua, Jose Maria Molina, Guillermo Lizaso, Markos Zubeldia, Florentino Peñafiel, Carlos Garcia, Luis Anjel Tarragona, Miguel Martinez, Jose Luis Ancin, Tomas Arrizibita… Doinu hauetako askori euskarazko hitza jarri zien Estanislao Urruzola Uxola idazleak. Azken urte hauetan musikari gazte batzuk ere animatu dira inauterietarako pieza berriak sortzera, Xabier Zelaia adibidez.