Eztarriko gaitzei aurre egiteko erroskilla eta lepokoak, prest

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 1a, 08:43

San Blas eguna izango da larunbatean eta Tolosako San Blas auzoan egitaraua prestatu du Emendek Arraun Kirol Elkarteak; bertsolari eta aizkolariek ez dute hutsik egingo.

Urtean zehar lasaitasuna da nagusi Tolosako San Blasen, baina San Blas egunaren bueltan asko dira auzora igo eta bertsolarien saioa edota herri-kirolen emanaldia ikustera gerturatzen direnak. Baita erroskilla edo lepokoak erostera joaten direnak ere. Eztarriko gaitzei aurre egiten laguntzen dutela dio tradizioak, eta egia izan ala ez, ez dira gutxi ohiturari eutsi eta lepoko zein erroskilla bila joaten direnak.

Kondaira
Kondairak dio San Blas kristau martiri bat izan zela, gotzaina eta medikua zen, hain zuzen, eta haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu zuen. Hortik lepokoena. San Blas auzoan ere txukun-txukun izaten dituzte koloretako lepokoak zintzilik eta apaizak bedeinkatuta, hartu eta bederatzi egunez jarri eta gero erretzen dutenek omen dute, gero, eztarriko gaitzei aurre egiteko aukera.
Erroskillak ere elementu garrantzitsuak dira San Blasen. Eta hauek ere eztarriko gaitzei, eztulei, katarroei eta antzekoei, lotuta daude. Izan ere, lehen, eztarriko gaitzak sendatzeko erremedio moduan zintzilikatzen ziren.

Egitaraua

Otsailak 2, ostirala

  • 18:00. Txupinazoa..
  • 18:30-21:30. Disko festa.

Otsailak 3, larunbata

  • 09:30. Diana Konponezinak txarangarekin.
  • 11:00. Meza nagusia, bertako produktuen bedeinkapena eginez.
  • 12:30. Toka Lehiaketa, auzokoentzat eta elkarteko kideentzat.
  • 18:00-21:30. Elustondo anai-arrebak trikitilarien emanaldia.

Otsailak 4, igandea

  • 09:00. Txistulariak Tolosako Udalaren eskutik.
  • 11:00. Meza, auzoko eta elkarteko hildakoen alde.
  • 12:30. Aizkolariak: Iker Vicente eta Joseba Otaegi.
  • 12:45. Elustondo anai-arreba trikitilariak.
  • 13:00. Angel Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariak.
  • 18:00. Bertsolarien bigarren saioa.
  • 18:30-21:00. Elustondo anai-arrebak trikitilariak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!