Jorge Aduna oriotarrarena izango da inauterietako kartel alternatiboa

Ataria 2018ko urtarrilaren 31

BOX.A Elkarteak antolatutako lehiaketa irabazi du oriotarrak eta bere lanaren 100 kopia banatuko dituzte Tolosako dendetan.

2018ko inauterietako kartel alternatiboaren lehiaketak badu irabazlea: Jorge Aduna oriotarra da. Epaia atzo gauean eman zuen ezagutzera Box.A elkarteko epaimahaiak.

1969az geroztik Tomas Hernandez Mendizabal artista donostiarrak egin izan ditu inauterien kartel ofizialak. Bada, 2014az geroztik, Box.A Elkarteak lehiaketa bidez aukeratu izan ditu kartel alternatiboak, herritarren parte hartzea sustatu nahian.

Tolosako lagun batek animatuta hartu zuen parte lehiaketan aurtengo irabazleak, eta pozez jaso du albistea: "Kartela kalean ikustea egindako lanaren fruitua da, eta ezagutzera emateko ere balio du", aitortu du artista oriotarrak.

Beltza eta urdina aukeratu ditu Adunak kartela egiteko. 3 gazte ageri dira kartelean, arrain, zaldi eta pailazoen maskara banarekin: "Irudi retro bat egin nahi izan dut, eta mozorrorik arrakastatsuenetan oinarritu naiz maskarak hautatzeko. Uhin batzuk ere egin dizkiot apaingarri gisa, kostaldekoa naizenez, izaera hori ere izan dezan kartelak", azaldu du egileak.

Jorge Adunak normalean herrian ospatzen ditu inauteriak, baina aurten, Tolosara etortzeko aitzakia duela aitortu du: "Egunen batean kuadrillarekin joateko aitzakia bikaina da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!