«Badakigu zaila izango dela, baina talde honi ezin diogu mugarik jarri»

Mikel Iraola 2018ko urt. 30a, 13:55

Iñigo Morenok (Ibarra, 1995) bizitza osoa darama TAKEn. Lehen taldeko jokalaria izateaz gain, junior taldearen entrenatzaile ere bada. Biekin emaitza paregabeak lortzen ari da. Eta hori gutxi balitz, Gipuzkoa Basketeko harrobiko taldearekin Minicopan parte hartuko du laguntzaile gisa.

Asteburuan Unamunoren aurkako garaipenarekin (52-67) amaitu zenuten lehen itzulia, eta sailkapen nagusiko lehen postuan da TAKE. Urte sasoi honetan espero zenuten horrelakorik?

Galduz hasi genuen denboraldia, baina bagenekien gora egingo genuela. Behetik goranzko joera egin dugu. 2017 bukaeran eta urte berriaren hasieran taldea oso fin ibili da. Ez dakit lehen postuan egotea espero genuen ala ez, baina ondo ari gara lanean eta lehen postuak islatzen du lan hori.


Aurten aldaketa asko izan dira taldean: baja garrantzitsu batzuk, gazte jende ugari... Nola ikusten duzu taldea, oro har?

Lander, Josu eta Iñaki itzuli dira, Ibaik ere aurten denbora gehiago pasatzen du gure taldearekin, Juniorrak... Bai, aldaketak izan dira, baina guztion artean ondo moldatu gara eta gustura gaude.


Gazteei taldearen dinamikan sartzea kosta zaie ala erraza izan da egokitzapena?

Oso ondo sartu dira taldearekin dinamikan. Pixkanaka gero eta pisu gehiago hartze doaz, garrantzia gehiago izaten. Guztion artean lagundu diegu, eta oso ongi ari direla uste dut.


Hain zuzen, junior batzuk taldekide dituzu une batzuetan, eta beste batzuetan zu zara beraiei aginduak ematen izaten dena. Bi gauzak uztartzearena erraza egiten al zaizu?

Primerako jendea da eta oso ondo moldatzen gara, bai entrenatzaile naizenean, baita taldekide garenean ere. Uneoro batak besteari laguntzen dio, eta elkar ulertzen dugu. Junior taldea oso indartsu dator, oso belaunaldi ona izan da betidanik eta egiten duten lanari esker daude hor. Merezimendu osoz, gainera.


Juniorren taldearekin emaitza bikainak lortu dituzu. Zoriontzekoa hori ere.

Denboraldia zalantza batzuekin hasi bagenuen ere, hauekin ere hobera egin dugu. Sekulako lana egin dute eta konpromiso handia erakutsi dute, bai eguneroko lanarekin baita klubean laguntzen ere. Eta horrek saria izan du: Gipuzkoako bigarren izan ginen, eta lauko finala irabazi genuen Donostian. Horrek Euskal Ligan jokatzeko eskubidea eman zigun. Ondoren, bigarren lauko finalean ezin izan genuen gerora txapeldun izan zen taldea irabazi. Baina oso gustura amaitu genuen. Are gehiago Usabal beteta ikusi eta gero.


Euskal Ligan arituko zarete. Erronka ere izango da guztiontzat.

Bai, gogotsu gaude jokalari eta entrenatzaileak. Badakigu zaila izango dela, baina talde honi ezin diogu mugarik jarri.


Helburuik ez, beraz.

Gustatuko litzaiguke Euskal Ligako lehen bi postuetan ibiltzea, hurrengo denboraldian hasieratik bertan lehiatzeko eskubidea izan dezagun. Orain arte bezala lan egiten badugu, ez gara urruti ibiliko.


Zein da talde horren indargune nagusia?

Elkarrekin jokatzen ari dira txikitatik, denbora asko pasatzen dute batera. Eta horrek asko laguntzen du. Edozein gauza dutela, beraien artean konpontzen dute. Nekez topatu ahal dut haserrealdi bat beraien artean. Eta noizpait haserretu badira, garrantziarik gabekoa izan da.


Gipuzkoa Besteketeko harrobiko taldeekin ere entrenatzaile lanetan ibili zara Minicopan. Eta hemen ere emaitza onak lortuz. Zer nolako esperientzia izan da?

Valentziara joan ginen Minicoparen aurreko fasea jokatzera eta emaitza onak lortu genituen. Horri esker Kanariar Uharteetara joango gara, inauterien ondoren. Gainontzean, primerako esperientzia izaten ari da: GBCko jokalariekin harreman zuzena izan dute haurrek, Illunben entrenatu dute, eta aurkezpena egin diete lehen taldearen partiden aurretik...


Etorkizun batean ere jarraitu nahiko zenuke entrenatzaile lanetan?

Bai. Asko gustatzen zaidan lana da, baina hobby bezala hartzen dut. Hala ere, momentuz nire burua formakuntzan ikusten dut. Hau da, galdetuko balidate ea zaharragoen talderen bat entrenatuko nukeen, ezetz esango nuke. Saskibaloiaren bidez beste gauza batzuk irakastea gustatzen zait, pertsonak heztea.


Bitartean, jokalari.

Bai, lehiakorra naiz, txikitatik. Eta osasunak uzten didan bitartean, jarraituko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!