Tolosak ezerezean utzi du Pasaia

Mikel Iraola 2018ko urt. 29a, 13:23

5-1 irabazi dio Tolosa CFk sailkapenean arerio zuzena den Pasaiari. Defentsako lan ona azpimarratu du Ander Avellaneda entrenatzaileak.

Buruak baietz dionean, hankek ere baiezkoa esaten dute sarri. Goranzko joera bete-betean da Tolosa CF, erabateko konfiantzaz: 12 jardunaldi galdu gabe zeramatzan Pasaiari 5-1 irabazi diote urdinek Berazubin. Erakustaldia emanda, gainera.

Partida orekatua eta zaila izango zela aurreikusten bazen ere, Tolosak ia uneoro kontrolpean izan zuen lehia. 10. minuturako Bereziartuak 1-0ekoa jarri zuen markagailuan. Joko onena egiten ari ziren unean, ordea, berdinketa iritsi zen, 29. minutuan, Tarragonaren eskutik. Ondorengo minutuetan dudaren bat izan bazuten ere, berriro ere bere jokorik onena erakusten hasi zen etxeko taldea, eta bost minutura Zabaletak aurretik jarri zituen tolosarrak berriro ere. Atsedenaldira 2-1ekoarekin iritsi ziren.

Bigarren zatiaren hasieran emandako bultzadak partida erabakita uzteko balio izan zion Tolosari. 52. Guijarrrok bere lehen gola egin zuen, eta hortik 5 minutura, Zubelzu kapitainak 4-1ekoa jarri zuen markagailuan. Hortik haurrera, talde bakarra izan zen berdegunean. Gozatu egin zuten tolosarrek. Guijarrorena izan zen 5-1ekoa, 70. minutuan.

Erasoan asmatzeaz gain, defentsan egindako lana azpimarratu du Ander Avellaneda entrenatzaileak. "Bagenekien Pasaia aurkari gogorra zela, eta emaitza ona lortu nahi bagenuen atzean sendo aritu behar genuela. Oso defentsa itentsioa eta gogorra egin genuen eta hori gakoa izan zen", azaldu du.

Sailkapenari begira ere bigarren itzuliko lehen koska nagusienetako bat gainditu dute tolosarrek. Pasaitarrak gainditu dituzte, eta hori gutxi balitz, averagea ere aldeko dute, bi neurketak irabazita.

"Irabaztean dena errazago eta politako ikusten da. Baina emaitzek lagundu ez dutenean ere taldeak sinesten jarraitu du eta horri esker gaude gauden lekuan. Konfiantzaz gainezka gaude orain, baina kontziente gara lanean jarraitu behar dugula. Aste Santura bitartean ahalik eta puntu gehien eskuratu behar ditugu, eta gero finkatuko ditugu helburuak", aitortu du Avellanedak. Jarrai dezatela buruak eta hankek, ordura arte, baiezkoarekin.

Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    ORDIZIA K.E. 42   18   13   3   2   0   42   10  
2    BERGARA K.E. 38   19   11   5   3   0   31   13  
3    HERNANI C.D. 36   19   11   3   5   0   33   14  
4    TOLOSA C.F. 36   19   11   3   5   0   36   21  
5    PASAIA K.E 35   19   10   5   4   0   28   21  
6    MONDRAGON C.F. 34   19   10   4   5   0   26   14  
7    AMAIKAK BAT K.E. 31   19   9   4   6   0   28   23  
8    ZARAUTZ K.E. 27   19   8   3   8   0   28   28  
9    MUTRIKU F.T. 27   19   7   6   6   0   35   26  
10    ARETXABALETA K.E. 27   18   7   6   5   0   23   15  
11    OIARTZUN K.E. 24   19   7   3   9   0   20   26  
12    AÑORGA K.K.E 23   19   6   5   8   0   25   27  
13    BETI GAZTE K.J.K.E. 19   19   5   4   10   0   22   30  
14    HONDARRIBIA F.E 19   19   4   7   8   0   18   26  
15    REAL UNION CLUB SAD 18   19   5   3   11   0   16   26  
16    UROLA K.E. 17   19   4   5   10   0   21   34  
17    VASCONIA C.D. 16   19   4   4   11   0   25   37  
18    TOURING C.D. 3   19   0   3   16   0   7   73  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!