Azken mende erdiko inauteriei kolorea, trazua eta keinua jarri dizkie. "Denak desberdinak baina denak berdinak", zioen Antton Elosegi lagunak. Tomas Hernandez Mendizabal donostiarrak Tolosako Ekinbide Etxeko kideen bitartez eraiki zuen Tolosarako zubia, eta 50 urte pasatu ditu, inauterien ataria abiarazten: "Inauteriak kartelarekin hasten baitira; kartela ere inauteriak dira", azaldu du Julian Lakunza TEEko lehendakariak.
Zenbaki dirdiratsua aitzakia hartu, eta omenaldi bateratua egin nahi izan diote, donostiarrari, Tolosako Udalak, Tolosako Ekinbide Etxeak, Arpegi taldeak Kabila txarangak eta bertaratu diren dozenaka herritarrek. Besteak beste, bere lan boluntarioa eskertu diote guztiek, eta azpimarratu dute, Tolosako inauterien iruditegia ere osatu duela Mendizabalek, bere lanaz: "50 ikusi ditugu, eta gu prest gaude 51.a eta 52.a eta 53.a ere ikusteko, berak hala nahiko balu", azaldu du Olatz Peon Tolosako alkateak.
Bere aldetik, omendua "hitzik gabe" geratu da, mikrofonoa eskuetara iritsi zaionean: "Normalean, hobeto azaltzen ditut nire ideiak paperaren gainean. Egia da, Tolosako inauteriekin maitemindu nintzela behinola, eta lan oso erraza izan da kartelak egitea: herriko jendearen aurpegiei begiratu, eta ia bakarrik ateratzen ziren irudiak. Gertatzen dena da, jada margotu dudala ikusi dudan guztia!".
Ekitaldiak balio izan du inauteri goiztiarrak are goiztiarrago girotzen asteko, Isabelita eta Galtzaundi doinuak abestuz biribildu baitute omenaldia. Orain, otsailaren 8ko suziriak kaos zoragarria Tolosan ezarri bitarte, Aranburu jauregian ikusgai izango dira, azken 50 urteotako inauteriak iragarri dituzten kartelak.