Igerilari ugari izango dira igeriketa egokitutako txapelketan

Ataria 2018ko urt. 26a, 08:33

Tolosako Usabal kiroldegian Gipuzkoako Igeriketa Egokitutako Txapelketa jokatuko da bihar, 10:00etatik aurrera.

Aurten 65 igerilarik hartuko dute parte Gipuzkoako Igeriketa Egokituko Txapelketan; iazko kopuruaren bikoitza. Urtarrilaren 27an, larunbatean, jokatuko dira lehiak Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan.

Parte hartze handiaren zergatia lehiak erakusten du, izan ere, Gipuzkoako Txapelketaz gain, Open formatua izango du lehiaketak. Hori dela eta, Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik etorritako igerilariak ere lehian ariko dira. Txapelketa 10:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izango du gutxi gorabehera.

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak antolatu du biharko jardunaldia, eta beraien esanetan, «beste urte batez, Tolosako Udalaren eta Usabal kiroldegiaren laguntzari esker antolatuko da txapelketa».

Lehian ariko diren igerilari gipuzkoarren artean, Richard Oribe paralinpiarra egongo da, pasa den asteburuan, Donostiako Urrezko Danborra jaso duena.

Horrez gain, 2017an etorkizuneko kirolariak izendatu zituzten hiru igerilarik ere parte hartuko dute: Iker Aizpuru, Garoa Etxabe eta Mikel Muñozek, besteak beste.

Taldeei dagokienez, txapelketan parte hartuko duten Gipuzkoako taldeak hurrengoak izango dira: Dordoka K.E., Konporta K.E., Mindara, Oarsoaldea K.E. eta Ostadar SKT.

Gipuzkoako Openean, aldiz, hurrengo kirol elkarteek parte hartuko dute: Anfas Navarra, Ardoi IK, Aspace Alava, Deportiva Nautica Portugalete eta Gaude kirol elkarteak. Ardoi IK elkartetik parte hartuko duten igerilari batzuk Espainiako garun paralisiko eta burmuineko gaitza dutenen federazioko igeriketa selekzioko kideak dira, beraz, maila altuko txapelketa ikusteko aukera egongo da. Igerilari guztiak lehiarako gogoz etorriko dira, oztopo guztiak gainditu nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!